Arruazuko Udalak aurten 89.601 euroko aurrekontua izanen du. Argiteria publiko kontsumoa murrizteko joan den urtean led-argiak jartzen hasi ziren herriko kaleetan. Lan horiek aurten despeditu dituzte. Hori izan da inbertsio handiena. Pello Betelu Ganboa alkateak esan digunez, pinu loteren bat salduko balute basoan itxituraren bat edo dermioko bideren bat konponduko lukete. Horien artean Beroneko edo Soluzeko bidea eta Lakuntzarekin lotzen duten bideek premia dutela azaldu digu alkateak. Aurrenekoan “neguan sortzen diren baltsekin ez dago pasatzerik”. Bigarrenean, “lakuntzarrek euren bidea asfaltatu zuten eta guk ezpondak atera eta konpondu beharko genuke, hezetasun handia egoten baita”.
Nafarroako Gobernuak Arruazuko Udalari 23.052,01 euro emanen dizkio 2019an erabaki askeko funtsetik. Aipatutako lanetara edo sortu daitezkeen beste batzuetara bideratu daiteke diru-laguntza. Beteluk jakinarazi digunez, Arnazko zubiak oinarriak konpondu beharra du: uholdeek harri batzuk eraman zituen eta etorkizunekoek gehiago eraman ditzakete. Lan horretarako Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planean diru-laguntza eskatu du.
Arruazuko zeharbidea 2013an konpondu eta kioskoa egin zen. Lana ia pagatuta dago eta udalak ez du mailegurik. Lanak egitean argindar eta telefonia kableak lurpetik pasatzeko hodiak jarri zituzten. Argindarrarenak lurpetik doaz, baina telefonoarenak oraindik etxeetako fatxadatik. Horren zain daude Arruazun. Baita zuntz optikoa noiz iritsiko. Antza, autobia paretik doa banda zabaleko sarea eta herrira eramateko lanak zein egin aztertzen ari dira. Horren inguruan hizketatzeko bilera zuten Iruñean atzo.