Astekaria

"Gezurtatzea da guk egin dezakegun bakarra"

Guaixe 2023ko aza. 21a, 14:01
Peio Oria Iriarte, AEMETeko Nafarroako ordezkaria. UTZITAKOA

Arruazu estatuko toki euritsuena den jakiteko jo du GUAIXEk Peio Oria Iriarterengana, AEMETeko Nafarroako ordezkariarengana; baita meteorologia datu bilketen inguruko argibideak eskatzeko ere.

Mende hasierako bi albisteren titularrak hasteko: Arruazu eta Artikutza, biak Nafarroan, dira euri gehien egiten duten Espainiako herriak (ABC, 2001-07-30) eta Arruazu, euri gehien egiten duen tokia: Euskal herriak euri guztiak biltzen ditu (El Periodico, 2007-12-18). Halako beste hainbat opa daitezke Interneten bilaketa eginez gero. Albiste horien arabera Arruazu da estatuan urteko bataz besteko prezipitazio handiena duen herria: 2.800 litro metro koadroko urtean. Baina, egia ote?

Egia da Arruazu dela estatuan euri gehien egiten duen tokia?
Ez da egia. Egia esan, ez dakigu nondik atera zen mito hori duela 20 urte. Gure agentziako komunikabide artxiboetan begiratu dugu eta ez dugu ezer aurkitu. Egia da datu horrek hainbat medioetara salto egin zuela. Baina guk gezurtatzea da egin dezakegun bakarra. Sakanako batez besteko urteko euri metatzea 1.200 eta 1.400 litro metro karratu artean dago. Altuerarekin beti hazkundea dago eta, horregatik, Sakanako leku altuenetan Lizarragan, esaterako, segur aski pixka bat euri gehiago botatzen duela, 1500 litro inguru. Estatuko toki gehienekin alderatuta asko izan arren, segur aski badaudela 3.000 litro metro karratu baino gehiago jasotzen diren lekuak. 

AEMETen ez duzue jasoa, eta Arruazun ez dago meteorologia estaziorik. Nondik atera zuten datua?
Ez dakigu, eta gezurtatu besterik ezin dezakegu egin. 

Sakanan 1.200 eta 1.400 metro artean urtean jasotzen badira, bikoitza da 2800. 
Alde handia da, bai; euri pila da. 

Arratzua izeneko herriak badaude, bata Gasteiz ondoan, bestea Gernika inguruan. Herriaren izenaz nahastu ziren?
Ez dut uste. Guk egunero egiten ditugu gure iragarpenak herri bakoitzerako. Gure meteorologia estazioen sarea dugu. Sakanan bakarrik bi ditugu, Euskal Autonomia Erkidegoan gehiago daude. Baina ez Arruazun ezta aipatu dituzun herrietan ere ez dugu estaziorik. 

"Erliebeak eta mendien topografiak definitzen dute euri gehiago non botatzen duen"

Sakanan euri gehien jasotzen duen meteorologia estazioa zein da?
Sakanan, ofizialki, bakarrik hiru meteorologia estazio daude. Altsasuko estazioan 1.300 litro metro karratuko jasotzen dira urtean. Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen daude, azken hori Nafarroako Gobernuarena da. Bi meteorologia estazio horietan gutxi gorabehera 1.200 litro metro karratuko jasotzen dira. Jakina, hirurak ibarraren hondoan daude. Baina, noski, badakigu mendien erroan dauden herrietan gehiago botatzen duela. Adibidez, Ergoienako herrietan, edota mendi pasaguneetan. Lizarragako gainean edo Lizarrustin kantitate hori segur aski 1.500 litrora ailegatzen dela. Puntualki gehiago Beriainen edo Aralarren.

Iruñerritik Sakanara sartzean beti sumatzen dugu eguraldian aldaketa. Baina Sakanan bertan, ekialdetik mendebaldera ere, esaterako, Irurtzundik Altsasura ere bada aldaketarik.
Gauza bera gertatzen da Iruñerrian. Irurtzundik sartuta Artederreta edo Tebasera diferentzia nahiko esanguratsua dago. Jakina, aldea handiagoa da Iruñetik ateratzerakoan. Iruñerritik Aralarrera begiratu eta egun askotan hor hodeiak ikusten dituzu, batzuetan prezipitazioak ere bai. Eta, jakina, euriari dagokionez desberdintasun batzuk daude Sakanan. Zuek mendi altuz inguratuta bizi zarete, Urbasa eta Andia alde batetik, Aralar bestetik. Mendiak dauden tokietan erliebearekin interakzio efektuak agertzen dira. Adibidez, zuenean oso ohikoa da hego haizeak jo eta tenperaturak bat-batean gora egitea, goranzko saltoak egiten. Hori bera beste leku batzuetan gertatzen da: Pirinioetako hainbat ibarretan, Baztanen. Euriarekin antzekoa; erliebeak eta mendien topografiak definitzen dute euri gehiago non botatzen duen. 

Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan zein dira euri gehien jasotzen duten tokiak?
Lehenik eta behin gauza bat aipatu behar da: urteen arabera leku batzuetan euri gehiago botatzen du. Guk, normalean, 30 urteetako serie klimatikoa kontuan hartzen dugu. Horrek zer esan nahi du? 30 urte segidan tenperatura, eta kasu honetan euriaren pilatzea, neurtu behar dugu egunero leku berean, estazio batean eta urtez urte estatistika bat eraiki. Hau da, pilatutako euria egunero gehitzen da eta hilabetero. Ondoren, epe luzerako bataz besteko balioa kalkulatzen da. Hori kontuan hartuta, Nafarroan ipar-mendebaldean dago ipar mendebaldean dagoen eskualdea da, Goizueta, Lesaka, Artikutza, hor dago lekurik hezeena, Nafarroan euri gehien botatzen duen lekuak dira. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan gauza bera. Artikutza Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan dago. Urtean pilatutako euri kantitatea urteko, gutxi gorabehera, 2.500 litro metro karratuko da. 

"Epe luzerako joerak identifikatzeko behar duzu ahalik eta klima serie luzeenak"

Sakanakoaren bikoitza?
Bai. Zergatik? Ipar-mendebaldetik heldu diren fronte eta Atlantikoko ekaitzek hor, lehenengo mendilerroetan, euria uzten dutelako. 

Meteorologia estazioetako datuak zein maiztasunekin jasotzen dituzue? 
Nafarroan eskuzko 90 estazio ditugu, automatikoak ere badaude. Eskuzko estazioetan beti kolaboratzaile bat dago. Duela hamarkada batzuk herriko apaiza edo eskolako maisua izaten zen. Orain profila pixka bat aldatu da eta boluntarioak dira. Horrek konpromiso handia eskatzen du. Egunero, goizean, beti ordu berean, datuak hartzera joan behar da. Automatizatutako 20 bat estazio daude Nafarroan, datuak hamar minutuero transmititzen dituzte. Datuak Nafarroako Gobernuaren edo AEMETen webgunean kontsulta daitezke. Nafarroako Gobernuak, ur konfederakundeek eta beste erakunde batzuek haien sareak dituzte. Azkenean, dena biltzen baldin bada, Nafarroan estazio meteorologikoan dentsitatea nahiko nabarmena da. 

Pentsatzen dut erakundeak elkarlanean ariko zaretela. 
Nafarroako Gobernuko meteorologia zerbitzua, ur konfederazioak eta AEMET oso koordinatuta egiten dugu lan elkarrekin. Adibidez, meteorologia estazio berri bat instalatzerakoan Nafarroako Gobernuaren dagokion departamentuarekin hitz egiten dugu, sareak osatzen saiatzeko, leku berean bi estazio ez instalatzeko. Eta gauza bera esaten ahal da Ebroko Ur Konfederazioaz edo Intiaz (foru administrazioaren lehen sektoreaz arduratzen den enpresa publikoa). Bai, oso maiz hitz egiten dugu. Nik uste dut gure zerbitzurako eta zerbitzu publiko osorako gauza ona dela. 

Zer erabilera praktiko dute jasotako datuek?
Esan dudan moduan, eskuzko estazioen kasuetan boluntario batek joan behar du egunero. Zer-nolako datuak hartzen ditu? Tenperaturenak: aurreko eguneko tenperatura maximoa, goiz horretako tenperatura minimoa eta 24 ordutan pilatutako euria. Horrela egunez egun eta urtez urte serie klimatikoak eraikitzen dira, eta toki jakin bateko klima ezaugarriak ezagutzen dira prozesu horren ondorioz. Azken finean, hori oso inportantea da epe luzean, batez ere gaur egun klima aldaketaren joera kontuan hartuta. Oso-oso inportantea da gure klima ezagutzeko, tokiko aldaketak ikusteko. Nik uste dut benetako altxorra dela halako datuak, hain epe luzekoak izatea, gordetzea eta aztertzea. 

"Datuetan ikusten dira tenperaturen goranzko joerak argi eta garbi"

Gobernuek datu horiek kontuan hartzen dituzte politika publikoak garatzerakoan?
Bai, noski. Adibidez, Nafarroako leku gehienetan aurten, udaberrian, lehortea sufritu dugu. Lehortea zaintzeko eta jarraipena egiteko behar dira halako datuak, oso inportanteak dira. Ez bakarrik epe luzeari begira, baizik denboraldi jakin baterako ere. Esaterako, laborantzaren ekoizpena ikusteko. Edota uholde kasuan halako datuak denbora errealean izatea oso inportantea da, jakiteko zehazki euri gehien non ari den botatzen, eta uholdeak, nolabait esateko, aurreikusteko, edo iragarpen bat egiten saiatzeko. 

Klima aldaketa denen ahotan dagoen honetan ere datu erabilgarriak izango dira joerak ikusteko.
Oso. Epe luzerako joerak identifikatzeko ahalik eta klima serie luzeenak behar dituzu. Nafarroan jada askok dituzte 50 urte, gehienak esango nuke. Hor, datuetan, ikusten dira tenperaturen goranzko joerak argi eta garbi, batez ere azken bi hamarkadetan tenperatura igoera edo hazkunde hori nola azaleratu den ikusten da. 

Datuen garaian bizi gara eta meteorologiarekin zerikusia duten datuak batean eta bestean agertzen dira. Fidagarriak direla jakiteko, zeri erreparatu beharko genioke?
Komunikazio atal bat dugu estatuko meteorologia agentzian, eta egunero informazio eta datu pila ateratzen dute. Printzipioz, hori dena argitaratu baino lehen baieztatu egiten da, edo baieztatu behar da datu fidagarria dela eta ongi neurtuta dagoela. Horretarako, meteorologia baieztapenerako plana dugu, eta oso modu zehatzean segitzen ditugu meteorologia estazioak. Printzipioz hori guztia fidagarria da. Baina, zuk esan duzun moduan, makro datuen garaian bizi gara orain eta gezurrezko informazio eta datuak daude Interneten. Jakina, horrekin kontuz ibili behar da. Beraz, gure gomendioa da iturri ofizialetara jotzea, edo iturri ofizialak erabiltzen dituzten hedabideak kontsultatzea. 

Erlazionatuak

Klima datuak

Guaixe 2023 aza 17 Sakana