Udalak auzolana arautzen duen ordenantza onartu du

Guaixe 2024ko ots. 22a, 09:44
Arbazuarra Kaleaundin. ARTXIBOA

Herriaren mesederako egiten den lana arautu du udalak. Arbazuarrek urtean bitan egin beharko dituzte auzolanak. Zein dauden salbuetsita, zigorra, ordezkapenak, libratzeak eta deialdiak dira besteak beste arautu direnak.  

Arruazuko Udalak eta berarekin aritzen den lantaldeak beharrezkotzat jo zuen ofizialtzea Arruazun aspalditik egin izan den auzolana. Orain arte era informalean pasatu dira belaunaldiz belaunaldi auzolanaren inguruko arauak: zer den auzolana, zer adin-tartetan dagoen auzolana egiteko beharra, zenbat ordaindu behar den hura egin ezean eta abar. Hori guztia jasotzen zuen agiririk ez zegoenez, betebehar horiek guztiak biltzen dituen araudi bat onartu zuen udalak abenduaren 21ean.

Arruazuko herriaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuak arautzen dituen ordenantzak hamazazpi artikulu ditu. Araudian jaso denez, auzolantzat hartuko da Arruazuko garapen sozial, ekonomiko eta kulturalari mesede egiten dion prestazio pertsonal oro. Beraz, auzolana erabiliko da herriko azpiegiturak eraikitzeko, zaintzeko eta hobetzeko eta, oro har, haren eskumeneko obrak egiteko. Era berean, auzolana erabili daiteke da udalerriari onura ekarriko dioten lan edo zerbitzu pertsonaletarako.

Auzolana herrian erroldatutako arbazuar guztiek egin beharko dute. Bete behar horretaz salbuetsiak daude hemezortzi urtetik beheitikoak eta hirurogei urtetik goitikoak, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duten pertsonak eta preso daudenak. Arruazuko Udalak auzolanean ari direnen istripu arriskuak aseguru bidez estaliko ditu. Iraupenari dagokionez, auzolanak gehienez sei ordu iraunen du eta arbazuar bakoitzak urtean bi auzolan egin beharko ditu, gutxienez. 

Deialdia, ordezkapenak, libratzea
Arruazuko Udalak auzolana egiteko deialdia aldez aurretik jakinaraziko die herritarrei, banaka edo modu kolektiboan. Deialdia pertsonala edo irekia izan daiteke. Deialdia jasotzen duenaren ordez, beste norbaitek egin ahalko du lana borondatez, baldin eta pertsona horrek berariaz adierazten badu benetan egin nahi duela. Ordezkapenak udalaren oniritzia beharko du, eta hark baloratuko du ordezkoa egokia den jarduera egiteko. Bestetik, pertsona batek uste badu ezin duela auzolana egin, egitera behartuta egonik, eskaera aurkeztuko dio udalari, eta hark, egoera aztertu ondoren, hein batean edo erabat salbuesten ahalko du betebehar horretatik. Auzolanetik libratzeko, 25 euro ordaindu beharko dira egiten ez den auzolan bakoitzeko. Bildutako dirua inbertituko da auzolanei lotutako gaietarako, esaterako: istripu arriskuaren estaldura, materialak, makinak, erregaia, lanabesak edo antzekoak ordaintzeko.

Auzolanean eginiko orduak metagarriak izanen dira urte natural berean egiten diren ondorengo deialdietarako. Arbazuarrek beste norbaiti ematen diezaiokete auzolanean emandako orduak, betiere horiek egin diren urte naturalaren barnean. Auzolan bakoitzeko lana zuzenduko du Udaleko edo lantaldeko kideren batek edo hark izendatutako pertsona batek.

Egitekoak 
Arruazuko Udalak hiru auzolan mota bereizi ditu. Alde batetik, urteroko errepikatzen diren lan finkoak daude. Udalak urtea bukatu baino lehen zehaztu eta planifikatuko ditu lan horiek. Bestetik, beharrezkoa denean egiten diren lanak daude. Eta, azkenik, bizilagunek proposatutako lan indibidual edo kolektibo jakinak. Proposamen horiek Udalaren edo lantaldearen onespena beharko dute. Arruazuko Udalak, bestalde, baliabideak edo mekanismoak jarriko ditu arbazuarrek ideiak, proposamenak edo lanak proposa ditzaten.

Makinekin egiten diren prestazio pertsonalek izanen dute martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak garraio zerbitzuei ematen dien pareko tratamendua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Garraioek edo makinek kontsumitzen duten erregaia edo gisakoak Udalak ordainduko ditu. Betiere, beren tresnak edota makinak ekarri eta haiekin lan egiten dutenak izanen dira halakoen egoeraren eta erabileraren arduradunak, eta une oro bermatu beharko da tresna edota makina horiek ongi erabiltzen ari direla. Hala ere, Udalak bere gain hartuko ditu auzolana egitean makinak izandako matxurak eta kalteak, baldin eta ez badira makinaren berezko higaduraren ondorioz gertatu.