Sei bakaikuarren auzia, artxibatua

Guaixe 2016ko urt. 13a, 12:54

Bakaikuko EH Bilduk jakinarazi duenez, festetan “terrorismoaren apologia” egiteaz leporatutako sei bakaikuarren auzia artxibatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Santiago Pedraz epaileak eskatuta bakaikuarrek Iruñetik bideo-konferentziaz deklaratu zuten, abenduaren batean. Fiskaltzak berak auzia artxibatzea eskatu zuen eta epaileak bere egin zuen eskaera abenduaren 22an. Beraz, auzia edo salaketa bertan behera geratu da. Guardia Civilaren txosten batek abiarazi zuen auzia.

Bakaikuko EH Bildutik salatu dute Espainiako Gobernu Ordezkari Carmen Alba “buru belarri dihardu Nafarroan abian den aldaketa politiko eta sozialerako aukera zapuztu nahian, besteak beste, gure instituzioetan hartzen diren erabakiak errekurrituz, edo hautetsi eta herritarrak epaitegietara bidaliz”. Koaliziotik adierazi dutenez, “euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatu eta isildu nahi dute, elkartasuna delitu bihurtu eta beldurra zabaltzeko asmoz”. Horregatik, Bakaikuko EH Bildutik “Nafarroan aurreko urtean lortutako aldaketan sakondu eta presoen eskubideen defentsan tinko aritzeko deia egiten diegu herritarrei”.

Gastuei aurre egin behar
Auziaren gastuei aurre egiteko auzipetuek herri afaria antolatu dute hilaren 30erako. Bakaikuarrak hartan parte hartzera gonbidatu dituzte. Ohiko tokitan eman daiteke izena.