Bakaikun euskalkia indartzen

Herriko euskara ikastera

Guaixe 2017ko mar. 17a, 09:48

Gaur, 18:30etik 19:30era, Bakaikuko udaletxeko goiko aretoan.

Koldo Zuazo hizkuntzalariak www.euskalkiak.eus web orria Bakaikun otsailaren 10ean aurkeztu zuen. Aurretik ere bakaikuarren artean euskalkia biziberritzeko nahia bazegoen, eta Zuazo parean zutela herriko euskara ikasteko zer egin zitekeen galdetu zioten hizkuntzalariari. Eta hark erantzun: “gogoa da garrantzitsuena”. Ordutik herriko euskara berreskuratu nahi duten bakaikuarrak hirutan elkartu dira eta hortik sortu da gaur hasiko den Bakaikuko euskerian ikastarua.

Ikastaroa lau ostiraletan izanen da (martxoaren 17, 24, 31 eta apirilaren 7an). Ordu bakarreko saio motzak izanen dira. Jendea lotzeko saio motz eta dinamikoen alde egin dute. Ikastarorako ez da izen ematerik izan baina antolatzaileek bakaikuarrek erantzunen duela espero dute. AEKn irakasle dabilen Aitor Irigoien urdiaindarra izanen da saioak bideratuko dituena. Irigoienek badu euskalki ikastaroetan eskarmentua Altsasun ere horretan baitabil.

Lau saio horien ondoren euskalkian interesatutako bakaikuarrek balorazioa eginen dute eta funts gehiagoko zerbait egitea merezi duen aztertuko dute. Bitartean, idazki, kartel eta bestelako testuetan euskalkiaren presentzia nabarmentzen hasi nahi dute. Asmoen artean jende jarriari elkarrizketak egin eta grabatzea edota haur eta gaztetxoendako zerbait egitea.