Bi eguneko ospakizunak

Guaixe 2018ko eka. 22a, 14:00

Lanbata eta domekia izanen dituzte Bakaikun San Joanak ospatzeko. Lanbatean, 17:00etan, Bakaikuko Gazte Asanbladak antolatuta maiatza jasoko da plazan, festetaraino zutik izanen dena. Lanak eginda merezitako auzatea izanen da. Udalak 20:00etan auzoan auzatea eskainiko du. Akordeoilariak girotuko du elkarretaratzea. Iluntzean gazte asanbladak San Juan plazan sua piztuko du. Han elkartuko dira bakaikuar gehienak. Baina Hangoian eta Hanben su bana ere pizteko ohitura dute.

Domekia guztian haurrendako gaztelu puzgarria izanen da eskolako belardian. 13:00etan, berriz, akordeoilariak girotutako auzatea izanen da San Joan plazan. Horren ondoren, ohi bezala, jubilatuek euren urteroko bazkaria eginen dute. 17:30ean, haurrei opilak, txokolatea eta goxokiak banatuko zaizkie auzoan.