Gaztainak oraindik berde daude

Guaixe 2020ko urr. 13a, 09:48

Agustin Lopez de Zubiria gaztainei buruzko azalpenak ematen. Argazkia: utzitakoa.

Aurten gaztaina beranduago datorrela ikusteko aukera izan zuten Gaztaina Mozte Egunean parte hartu zutenak.

Eguraldiak ez zuen lagundu eta aurreko urteetan baina jende gutxiago elkartu zen Gaztaina mozte egunean, 15 bat bakaikuar izan ziren hilaren 4an. Mandubita eta auntzetxearen arteko bidea egin zuten, Agustin Lopez de Zubiria gidatuta. Hark ibiltariei azaldu zien hiru gaztainondo mota daudela: irurriya, latxa eta saboia. Bi motako gaztainak daudela ere gaztigatu zuen Lopez de Zubiriak: gaztainlatxak, txikiak eta goizter ontzen direnak, eta gaztain saboiak, berantiarrak eta tamainaz handiagoak direnak. Igandean bertan hiruna saboi eta latxa gaztainondo kartelez seinaleztatu zituzten, eta hurrengo egunetan beste hiru inurriya gaztainondo markatuko dituzte. Horrela, herritarrek batzuk eta besteak desberdintzen ikastea nahi dute. 

Aurreko urteetan baino gaztaina berdeagoekin topo egin zuten bakaikuarrek domekan. Klimagatik, antza, ez da urterik onena. Basoko ibilaldiaren ondoren, Koxko tabernan udazkeneko pintxoak dastatzeko aukera izan zen. 

Ondarea 
Gaztainondoak Bakaikuko natura-ondarea direla eta haien egoera txarrak eragindako kezkatik sortu zen eguna, eta gehiago. Izan ere, gaztainondoen inguruko lan-taldea sortu zen Bakaikun eta ordutik, besteak beste honakoak egin dituzte: gaztainondoen ingurua garbitu eta haiek markatu, hitzaldia, tailerra, gaztainak potetan erein hurrengo urtean landatzeko, gaztainondo berriak landatu.

Bakaikuko Udalean pentsatzen hasiak dira duela lau urte landatutako gaztainondoak txertu beharko direla, behintzat indarra hartu dutenak. Bestalde, oraindik ez dakite gaztainondo gehiago landatuko dituzten. Basoan bakanketak egin behar dira eta ez dela erraza gaineratu dute udaletik. 

Aspaldi
Bakaikuko familia bakoitzak hainbat gaztainondo zituen garai batean, beharrezko elikagaia baitzen. Gaztainak hartzeko eguna bando bidez jakinarazten zuen alguazilak. Basotik abere guztiak ateratzen zituzten eta basoa zaintzen bi guarda edo iguraitxiki jartzen zituzten. Zehaztutako eguna iristean, ezkilak jotzean, bakaikuarrak idiek tiratutako gurdiekin gaztainak hartzera abiatzen ziren herritik. Iristean, gaztainziyor zeritzon makilak erabiliz gaztainondoak astintzen zituzten, morkotxak lurrera erortzeko. Ohiturak 1960ko hamarkadara arte iraun zuen.

Erlazionatuak

Gaztainondoei bisita

Guaixe 2020 urr 08 Bakaiku