Basoko itxituren bigarren fasea egina

Guaixe 2021ko uzt. 29a, 13:03
Ekaiko ikuspegia. ARTXIBOA

Itxiturak lau fasetan berritu nahi ditu kontzejuak.

Ekaiko Kontzejuak 24.467 euroko aurrekontua du aurten eta diru kopuru horretatik zatirik handiena inbertsioetara bideratu du, 20.000 euro inguru hain zuen ere. Patxi Uharte Garro kontzejuko presidenteak azaldu duenez, “basoko itxiturak berritzeko lanen bigarren faseko lanak ostiralean despeditu zituzten. Herriarekin muga egiten duen baso zatian berritu dugu itxitura”. Abeltzaintza azpiegituretarako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izan dute lanak egiteko. 

Uhartek azaldu duenez, “argiteria publikoko sarea eta argindar sare nagusia lurperatu ondoren, Telefonicarekin harremanetan geunden, haien sarea lurpera zezaten. Ez zutenez erantzuten, Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko 20.000 euroak basoko itxitura berritzeko erabili genituen”. 2019koa da itxituraren lehen fase hori, basoaren eta soroen eta herriaren arteko zatian jarri zuten orduan. 

Basoko itxiturak berritzeko beste bi fase aurreikusten dituzte kontzejuan. Satrustegiko mendilerroaren gainean Ekaik Ollarango Iltzarbe herriarekin muga egiten duenez, ekaitarrak hango kontzejuarekin harremanetan jarri dira, itxitura berritzeko lanak nola egin zehazteko. Ekaiko basoak Urritzolarekin ere muga egiten duenez, Uharteren asmoa da hango kontzejuarekin ere harremanetan jartzea. Kontzejuak diru likidezia duenean eginen da hurrengo fasea. Presidenteak azaldu duenez, “lehen denek genuen azienda eta basoan egote zen. Gaur egun bakar batek du. Baina gehiago sartu nahi badugu, itxiturak ongi egon behar dute”. 

Sareak 
Arakilgo Udalak Ekaiko sareak eta zorua berritu zituenean, azpiegitura sareak lurpetik sartzeko guztia prest utzi zuten. Eta lurpeko hodietatik sartu zituzten argiteria publikoko kableak eta argindar orokorreko kablea ere. Lurpetik sartzeko falta zen bakarra Telefonica zen. Uhartek behin eta berriz jarri zen telekomunikazio enpresarekin harremanetan lan haiek egin zitzaten. Teknikari bat bidali zuten eta lanek 3.000 edo 4.000 euro balioko zutela jakinarazi zion kontzejuari. 

Telefonicak ez zuen berri gehiago eman, baina joan den urtean, inor gaztigatu gabe, herrian agertu eta sarea lurperatu zuten. Lanak egin ondoren, enpresako ordezkari batek lurpeko azpiegituraren erabileraren zesioa eskatu zion kontzejuari. “Udalak egindako lana da eta kontzejuak zesioa hari egina dio. Udal idazkariarekin hitz egin genuen eta uko egin diote”. Arruazun Telefonicak bere sarea lurpetik pasa ondoren azpiegitura berea dela dio, nahiz eta udalak hodiak jartzeko lanak pagatu. Auzitara joatekoak dira arbazuarrak. 

Azkenik, Uhartek azaldu duenez, ekaitarrek “pozez” hartu dute, zuntz optikoa herrira iritsiko denaren albistea. “Herri txikia gara, baina handien behar berak ditugu. Gaur egun dugun gaitasuna oso eskasa da eta jendeak telelanerako beharrezkoa du sarea. Sakanarako egin den proiektua egokia da”.