Pilota

Zabaleta eta Altuna, zalantza

Guaixe 2024ko urt. 30a, 12:00
Zabaletak oinazeekin jokatu zuen azkeneko partida. ASPE

Astean zehar erabakiko dute asteburuko Binakako hamabigarren jardunaldia jokatzeko prest dauden

Binakako Pilota Txapelketako hamaikagarren jardunaldiak ez zuen punturik utzi pilotari sakandarren bikotean. Are gehiago, bi biko ukituak utzi ditu, Zabaleta eta Altuna min hartuta baitaude. 

Etxarrengo atzelariak eskuineko izterreko koadrizepsean gainkarga du. Amezketako aurrelariak, Julen Martija etxeberriarrarekin bikotea osatzen duenak, azalean hematoma zelularra du, lesio baskularrarekin bateragarria dena. Nonbait, partida jokatzen ari zela ezker eskuan pilota sartu zitzaionean, zain bat lehertu zitzaion. Fisioterapiarekin zainduko du. 

Bi pilotariek aste honetan zehar erabakiko dute hamabigarren jardunaldia jokatzeko prest ote dauden.