Etxarri Aranazko Udalak hondakin bilketa sistema berriaren inguruan herritarren iritzia eta proposamenak jasotzeko galdera sorta bat zabaldu zuen azaroan. Joxi Bakaikoa alkateak atzo jakinarazi zuenez, “oro har esan daiteke etxarriar gehienak (bostetik lau) sistema berriarekin ongi moldatu direla, eta ados daudela sistema berriarekin. Baina egindako ekarpenak ere asko izan dira, eta hobetu beharrekoak ere bai”.
Galdetegiko emaitzen aurkezpenean alkateak aldamenean izan zituen Arantxa Artieda NaBaiko zinegotzia, Jon Gartziandia Hondakinen Batzordeko Jon Garziandia eta galdeketa egin duen Aztiker enpresako Asier Etxenike. Aurreratu zutenez, “emaitzen txostena Sakanako Mankomunitateari aurkeztuko diogu, hemendik aurrerako jardunbide eta erabakietan etxarriarren iritzia kontuan har dezan, eta sistema hobetzeko egindako ekarpenak gauzatu ditzan”.
Atzoko aurkezpenean ez zituzten galdetegiko emaitzak baloratu nahi izan. Hala ere, Bakaikoak esan zuenez, “hondakin bilketa sistema aldaketan urrats handia izan da eman duguna, baina asko dago egiteko eta hobetzeko oraindik. Eta bide horretan aurrera egiteko, motibatuta eta inplikatuta ikusten ditugu etxarriarrak”.
Galdetegia
Bost ataletan banatutako 17 galdera zituen galdetegiak. Aurreneko atala etxarriarren orain arteko esperientzia baloratzeko zen. %78,8 ongi moldatu da sistema berrira, eta %71,5ek lehen baino gehiago birziklatzen duela esan du. Aldi berean, etxean hondakinak gaika antolatzen ongi moldatzen direla diote etxarriarren %77,8k. Bilketa ordutegiekin %74,8 ongi moldatzen dela jakinarazi du. Auzo-konpostagailua erabiltzen dutenen %72,5 ongi moldatzen dira. Erdiak baino gehiagok, %57,4k, astean bizpahirutan erabiltzen dute auzo-konpostagailua. Larrialdi gunearen antolaketaz 537,3k ez du erantzunik eman eta antzeko portzentajean,%26, funtzionamendu ona edo hobetu daitekeela diote. Bestetik, garbigune zerbitzuaren balorazio ona egin dute %45,7k, baina hobetu daitekeela gaineratu dute %31k. Zintzilikarioetan pertzak derrigorrezko izatearen aldeko %40,1 agertu dira. Poltsak ere onartzearen alde, aldiz, %54,1.
Hondakineko kezkaren inguruan galdetu zen bigarren atalean. Inkesta erantzun dutenen %86,9ren iritziz hondakinena arazo larria da. Gaur egun Nafarroan indarrean dagoen hondakinen kudeaketa sistema aldatzearen alde %70,2 agertu da, beste %15,1ek ez du erantzunik eman. Atez ateko sistema duten herrietan tasa txikiagoa ordaindu beharko litzatekeela esan dute erantzun dutenen %82,9k.
Hondakin bilketa sistema berria aurrera eramateko jasotako informazioaren inguruko balorazioa eskatu zen galdetegiaren hirugarren atalean. Mank-ek eta udalak emandako informazioari buruzko iritzi ona dute parte-hartzaileen %70,1k. Galdetegiaren azken atalak lortutako emaitzen inguruko iritzia ematea eskatzen zien etxarriarrei. Eta arlo horretan erantzun dutenen %82,1ek egindako ahaleginak merezi duela uste du, beste %13k oraindik ez du argi. Behin probatu ondoren, sistema berriari buruz duten iritzia %50,2ri hobetu zaio eta %46,1i berdintsu mantendu zaio. Azkenik, %62,4 orokorrean sistemarekin konforme dago; %19,4k beste sistema bat nahiago du eta %18,2 sistema berriarekin konforme dago baina aldaketaren bat eginen lioke.
Parte hartzeaz
416 etxarriarrek (%17,9) erantzun dute galdetegia. 31 urtetik aurrerakoak izan dira galdeketan gehien erantzun dutenak. Inkesta gehien emakumezkoek erantzun dituzte, %56,7k; parte hartu duten gizonezkoak %43,3 izan dira. Batzordeko kideek esan zutenez, “jende askok ez du erantzun. Nahiago genukeen denek edo gehienek erantzun izan balute, denen iritzia interesatzen zaigulako”. Galdetegiaren nolakotasuna kontuan izanda, parte hartzea “esanguratsua” izan zela adierazi zuten.
Bestetik, batzordekideek ohartarazi zuten etxe askotan familia unitate bezala erantzun dutela: “bakar batek erantzun du (etxeko hondakinen arduradunak) familiaren izenean”. Aldi berean, parte hartu ez dutenei erreparatu diete: “etxarriar askok ez du erantzuteko premiarik ikusi, eta gaia ez dute liskarrez bizi. Zabor bilketaren gaiari dagokionez ondorioztatzen da herrian lasaitasun handia dagoela”.