Eneko Lazkoz Donostiako 46. Bertso Egunean

Guaixe 2015ko urt. 27a, 15:58

Larunbatean, 18:00etan, Donostiako Kursaaleko Areto Nagusiko ekitaldi nagusian ariko da bertsolari etxarriarra

Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Kutxaren eta EITBren laguntzarekin, 46. Bertso Eguna antolatu dute larunbatean Donostian, Jolastu nahi? lelopean. Egun osoko ekitaldia izanen da, 12:00etan Donostiako kaleetan –Bretxan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean– bertsolariak kantuan ariko baitira, 18:00etan ekitaldi nagusia izanen baita Kursaaleko Areto Nagusian eta 21:00etan afaria eta festa Manteo kiroldegian.

Interneten eta ETBn
Arratsaldeko Kursaaleko ekitaldi nagusian 12 bertsolari igoko dira oholtzara, tartean Eneko Lazkoz etxarriarra. Berarekin batera Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan.

Ez da etxarriarra Bertso Egunean aritzen den lehen aldia izango, 2013ko ekitaldian ere aritu baitzen. Gizakiak bizitzan zehar aurre egin beharreko krisiak izan zituen ardatz orduko ekitaldiak. Aurtengo edizioan, 12 aulki ikusiko dira Kursaaleko areto nagusian. Jolaserako jarrita daude, bakoitza postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, serio jolastekoa. Eta bertsotan egin dezatela. Ainhoa Aranburu, Arnaitz Lasarte, Eñaut Agirre eta Josu Goikoetxea aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen.

EITBk ekitaldia grabatuko du eta gaueko hamarretan eskainiko du osorik ETB1 katean. Horretaz gain, zuzeneko emankizuna egingo du www.bertsoa.com atariak.

Sarrerak erosteko: www.bertsosarrerak.eus
Ekitaldi nagusirako sarrerak ostiralera bitartean www.bertsosarrerak.eus helbidean erosi daitezke. Sarrerarik gelditzen bada, egunean bertan 16:00etan zabalduko da Kursaaleko lehiatila. Informazio eguneratua www.bertsozale.eus atarian topa daiteke. Prezioa: ekitaldia (18 euro, bazkideek 13 euro eta gazteek 8 euro) eta ekitaldia+ afaria (40 euro, bazkideek 33 eta gazteek 30).