Beltzari sailkapena zaildu zaio

Guaixe 2015ko ots. 16a, 18:22
Joseba Beltza bertsotan, Zubirin. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako hirugarren saioa jokatu zen atzo Zubirin. Gautxori jatetxeko aretoa 170 bertsozalek bete zuten eta sei bertsolariek lan txukuna egin zuten. Aimar Karrikak lortu zuen puntu gehien eta final-erdirako txartela.

Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Ekimeneko bi edizioetan parte hartu du Joseba Beltza Bengoetxeak, 2012koan, gainera, Bilixkorriko taldearekin finalera iritsi zen. Baina etxarriarra Nafarroako Bertsolari Txapelketan azkenekoz 2006an parte hartu zuen. Bederatzi urteren ondoren 223,5 punturekin seigarren sailkatu zen Beltza.

Asteburuko bi saioen emaitzen zain gelditu da etxarriarra, lehiaketan aurrera eginen duen edo ez jakiteko. Sailkapen orokorrean 14. dago.  Egoera berean daude Oier Lakuntza Irigoien eta Josema Leitza Razkin, 1. eta 11. hurrenez hurren.

Asteburuan txapelketako azken bi final-laurdenetako saioak jokatuko dira. Bihar, 17:30ean, Lizarrako Gazteriaren Etxean. Igandean, berriz, 17:30ean Lakuntzako kultur etxean jokatuko da. Eneko Lazkoz, Xabier Maia, Ioar Tainta, Patxi Castillo, Iñigo Olaetxea eta Xabier Terreros ariko dira bertsotan. Lakuntzan erabakita geratuko dira finalaurrekoetako saioak.

Sarrerak
www.bertsosarrerak.eus atariaren bidez eskuratu daitezke.