Aniztasunaren aldeko mezua festen hasiera-hasieratik

Guaixe 2015ko abu. 1a, 10:25
Udaleko eta Mank-eko ordezkariak Etxarriko futbol taldekoarekin batera.

Berdinagoa, diskriminazioa praktikatzen ez duena, errespetuzkoagoa, bihotzez anitzagoa den Etxarri Aranatz eta mundu baten aldeko mezua zabalduko da txupinazoan.

Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak migrazio eta migratzaileen inguruko aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruen aurrean aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza aldarrikatzen duen kanpaina garatzen ari da herrietako festetan. Horri jarraituz, ibarreko beste herrietan bezala, mezu hori zabaltzen duen pankarta zintzilik izanen da udaletxeko balkoian. Irudi bera festetako egitarauan agertzen da. Aldi berean, etxajua piztuko dutenek lelo bera duen kamixetak jantziko dituzte.

Bego Zestau Baraibarrek, immigrazio teknikariak, azaldu duenez, gero eta anitzagoa den gizarte batean bizi gara. “Etorkizuna modu baikorrean kudeatu ahal izateko ditugun baloreak, aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza, sakandar ororen bihotzetara iritsi behar dute”. Festetan martxan jarritako kanpainarekin “migrazio, etorkinen inguruan izan ditzakegun aurreritzi, estereotipo eta zurrumurruen aurrean hausnarketa” sustatu nahi dela adierazi du Zestauk. Aipatu lau baloreak festetan praktikatzeak “denondako gozamen gehiago” ekarriko duela ziurtatu du.

Kamixetak salgai
Maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza. Lelo horixe du Immigrazio Zerbitzuak martxan jarritako kanpaina eta bere euskarrietan ikusgai dago, kamixetetan esaterako. Haiek 5 eurotan eskuratu daitezke.