Etxarriko osasun zerbitzuak euskaraz

Etxarriko Osasun Etxea euskalduntzeko eskaerak erregistratuta

Guaixe 2015ko uzt. 9a, 11:11

600 sinadurak Osasun kontseilariri, Nafarroako Arartekoari eta Behatokiari bidali dizkiote.

Etxarri Aranazko osasun etxeko zerbitzua eta Emakumeen Arreta Zerbitzua euskalduntzeko 600 sakandarren sinadurak jaso zituzten udaberri bukaeran. Sakandarrek haien bidez hiru eskaera zehatz egin dizkiote foru administrazioari: osasun etxeko lanpostuak plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela; dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…).

Eskaera horrekin bat egin dute ikastetxeetako orientatzaileek. Izan ere, Emakumeen Arreta Zerbitzutik sexu heziketa programa garatzen da ikastetxeetan. Leitza, Larraun et Sakanan ikasle gehienak D ereduan ikasten dutela gogoratu dute, gaineratuz:  “sexualitatearen Heziketa euskaraz eskaintzeak eskubidea izateaz gain oinarrizko behar bat da eskola komunitatearentzat. Kalitatezko Hezkuntzaren garapenak eta bermeak hizkuntzaren, euskararen, betekizuna bere baitan behar du, berezkoa du”.

Osasungintza Euskaraz taldearen izenean sinadurak erregistratu dituzte: Eneka Maiz (Etxarriko Alkatea), Idoia Artieda (Sakanako AEK-ko ordezkaria), Joxe Aldasoro (Etxarriko euskara zinegotzia) eta Aitor Karasatorre (Sakanako Mankomunitateko lehendakaria).