Bakarlari etxarriarra etxera bueltan

Guaixe 2015ko abe. 25a, 10:55

Iñaki Auzmendik kontzertua eskainiko du larunbatean, 20:30ean, Etxarri Aranatzen.

Punto y seguido izenburua eman dio Iñaki Auzmendik gaur eskainiko duen kontzertuari. Gitarra lagun, ahots sendoarekin, bere aurreneko diskoa den Raíces de Piedra y Esperanza diskoa aletuko du. Baita hurrengo lanean jasoko dituen kantu berriak ere. Oholtzan Juanmi Arzelus (gitarra elektrikoa) arbizuarrak, Julia Moralesek (zeharkako txirula) eta Ana Turcanek (biolina) lagunduko diote.

Diskoa zuzeneko bat balitz bezala grabatu zuen eta hamar kantu jasotzen ditu bertan. Haietan HIESaz hildako lagunak, prostituta zahar bat, herria uzteko unea, badoazen herriei omenaldia, herrietako ibaiak, herrietako bakardadea, Gaztelako herriei omenaldia, migratzaileak, Jose Antonio Labordeta… aipatzen ditu; anaia txikiaren ezkontzarako sortutako kantua gaineratuz.

Ibilbidea
Auzmendik (1961) musikarako eta kanturako zaletasuna sentitu zuen txikitatik. Errege egun batez gitarra jaso zuen opari. 14 urte zituela bere lagun bat itota hil zen eta orduan sortu zuen bere aurreneko kantua, poesia eta musika bidez gertaera azaldu beharra sumatu baitzuen. Ondoren eguberri kantu bat eta gehiago etorri ziren. Konposatzea ezinbesteko bihurtuko zaio Auzmendiri.

Aurreneko kantaldiak ikastetxe eta ongintzako jaialdietan eman zituen. 19 urterekin grabatzeko aukera izan zuen baina tren hura pasatzen utzi zuen. 24 urterekin ezkondu egin zen eta familia osatu zuen. Baina ez zion konposatzeari utzi. Aldian behin, zerbait kantatzeko deiak jasotzen zituen. Rabanera del Pinar (Burgos) herrian bizi da eta han opatu du kontzertuetara bueltatzeko bultzada. Auzmendik gaztelarrek Madrilen eta Burgosen Jose Antonio Labordetari eskainitako omenaldietan parte hartu zuen.