Etxarri Aranazko abesbatza Pamplonesa bandarekin batera

Guaixe 2016ko ots. 5a, 16:43

Igandean, 19:00etan, Iruñeko Gaiarre antzokian euskal kantekin osatutako errepertorioa eskainiko dute

Igandea iritsi eta kontzertu eder bat eskaintzeko “irrikitan” daudela gaztigatu digu Juana Jakak, Etxarri Aranazko abesbatzako presidentea. Azaldu digunez, “duela hilabete batzuk Pamplonesa Banda gurekin harremanetan jarri zen eta elkarrekin kontzertu bat emateko prest ote geunden galdetu zigun”. Baiezkoa eman zuten, “oso kontzertu polita eta zirraragarria delako. Tenorrek eta sopranoek oso tesitura altuak ditugu. Beste ahotsek ere gauza politak dituzte. Nik uste orokorrean kontzertu deigarria dela”. Jakak aitortu digunez, orkestra edo bandarekin kantatzea tokatzen zaienean “izugarri disfrutatzen da”.

Jakak azaldu digunez, “guk gure kontura entseatu dugu. Eguberritan beste egiteko batzuk genituenez, ilbeltzean hasi ginen emanaldia prestatzen. Eta aste honetan Pamplonesa Bandarekin bi entsegu egin ditugu Iruñean, haien egoitzan”. Jesus Garisoain izanen banda eta abesbatza zuzenduko dituena. Garisoainen eta abesbatzako zuzendari Alicia Armendarizen artean zehaztu dute errepertorioa, euskal kanten aukeraketa dena.

Gonbitearen zergatiaz

Etxarri Aranazko abesbatza Pamplonesa Bandarekin aritzen den aurreneko aldia da etzikoa. Baina aurretik abesbatza banda eta orkestrekin aritu da: Sakanako Haize Berriak bandarekin behin baino gehiagotan, Pablo Sarasate orkestrarekin (Nafarroako Orkestra Sinfonikoa egun) eta Euskadiko orkestrarekin ere. “Etxarriko elizan orkestra eta bandekin ere kontzertuak egin dira”. Banda edo orkestrarekin aritu, lan egiteko modua antzekoa dela azaldu digu Jakak.

Halako gonbiteak jasotzeko arrazoiez galdetuta, Jakan hiru arrazoi aipatu ditu. Lehenik, abesbatzak duen potentzia; “edozein abesbatzak ezin du guk ematen duguna eman. Normalean halako kontzertuetarako orfeoiak aritzen dira. Lagun asko behar dira halako potentzia emateko. Orkestra baten aurrean edozein abesbatzak ezin du erantzunik eman”. Bestetik, abesbatzak duen maila izan daiteke arrazoia: “joan den urtean Ejea de los Caballerosko lehiaketa irabazi genuen”. Eta, azken arrazoia: “euskal kantak abesteko erraztasuna dugun abesbatza bat gara”.

Emanaldi bera Etxarri aldean eskaintzea nahiko lukete, baina “Pamplonesa Banda mugitzeko diru asko behar da. Udalen batek nahiko balu”. Dirua aparte lekua ere eragozpena da: “kontzertua hartzeko toki aproposa beharko litzateke. Akaso Altsasuko kultur gunea izan zitekeen, baina Etxarrin ez daukagu tokirik”.

Errepertorioa

Koral bat gara. Xabier Sarasola (mus.). Iñaki Urkizu (mold.)
Kantaldia. Iñaki Urkizu
Txoria txori. Mikel Laboa (mus). Iñaki Urkizu (mold.)
Eusko irudiak. Jesus Guridi
Gernika. Pablo Sorozabal