Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimenak finalistak ditu. Etxarri Aranazko finalean Atekaberts (Leitza), Obario Maldikoak (Iruñea) eta Larungo antenak (Bera) taldeak izanen dira, martxoaren 19an, 17:00etan. Bi hilabete iraun duen lehiaketa Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoiko finalarekin despedituko da. Hartarako, dagoeneko txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta Etxarrin bertan. Finalaren ondoren triki-poteoa eta bardoen afaria izanen dira.
Lehiaketan urrutien iritsi den talde sakandarra Einnekin izan da, Eneko Lazkoz, Unai Artieda, Jon Arratibel. Bigarren faseko joan-etorriko bi saioak asteburuan izan ditu Berako Larungo antenak taldearekin (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru). Ostiralean Etxarriko gaztetxean eta larunbatean Berako Kataku ostatuan beratarrak hobe aritu ziren eta haiek izanen dira finalean.