Mariñelarenaren lanen erakusketa ibiltaria etzi mustuko da

Guaixe 2016ko mai. 13a, 10:23

Maiatzaren 15ean, igandean, 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara Etxarri Aranazko estalopean. Gaur eta igande goizean zehar jarduera osagarriak izanen dira.

Guk ibilitakoak gureak dira. Izenburu hori jarri dio Sarek Pello Mariñelarena Imazen lanen erreprodukzioarekin antolatutako erakusketari. HIESak jota, espetxean “inolako mediku-arretarik gabe eta baldintza penagarritan hiltzen utzi” zutela gogorarazi nahi du Sarek erakusketaren bidez. “Pelloren giza eskubideak azken muturreraino nola bortxatu zituzten nabarmentzen du erakusketak, baina, batez ere, gaur egun, Pello bezala, gaixo dauden euskal preso politikoen askatasuna” aldarrikatzeko bitartekoa izan nahi du etziko erakusketak. Aldi berean, etxarriarraren lanaren aitortza ere izan nahi du.

Mariñelarenari ihesean bizi zela, pinturarekiko eta poesiarekiko zaletasuna piztu zitzaion. Espetxean margotzen eta idazten segitu zuen. Ehun koadro baino gehiago egin zituen. Olioa, ikatza eta arkatza erabili zituen bere lan figuratiboak sortzeko. Paisaiekin eta bodegoiekin batera, erretratuak ere badira bere bilduman. Lan horien erreprodukzioarekin osatu da erakusketa. Haiek dohaintzan eskuratzeko aukera izanen da. Erakusketa, Etxarri eta gero Euskal Herrian barna izanen da ikusgai.

Egitaraua
Maiatzak 13, ostirala
22:00etan Burdin hariak eta plastikozko koilareak (maitasun lubrikatua) ikuskizuna, Leku Ona tabernan.

Maiatzak 15, igandea
11:00etatik 20:00etara Pelloren lanen erakusketa.
Goizean Uribe Crew graffitilariek Pelloren obran oinarrituta horma-irudi bat eginen dute.
12:00etan Serigrafia tailerra. Etxarriko Artie Kaliak Pelloren obran oinarritutako poltsak eta kamixetak eginen ditu.
Altsasuko Arte Bide taldearekin sormen parte-hartzailea.
13:00etan Poema-poteoa. Pelloren olerkietan oinarriturik errezitaldi laburrak tabernetan, idazle,bertsolari eta musikarien laguntzarekin.


Hasteko, solasaldi berezia
Erakusketaren atariko, Etxarriko Sarek Oier Gonzalezen eta Markel Ormazabalen ikuskizuna antolatu du. Biek idatzitako testuak errezitatuz, gitarrarekin musikatuz eta hiru bideo proiekzioz osatutako ikuskizuna da Burdin hariak eta plastikozko koilareak (maitasun lubrikatua). Espetxearen gaineko solasaldi musikatu eta gogoeta partekatu hori galdera batetik sortu da: berdin pisatzen ote du koilara batek espetxearen hormaren bi aldeetan? Galdera horri tiraka eraiki dute saioa. Eta koilarari begira,espetxearen gaineko begirada bat eraikitzen dute.


Biografia
Benitaren eta Telesfororen seme gazteena 1963ko azaroaren 9an jaio zen, Etxarri Aranatzen. Aita lanbidez gidaria, Pellok 12 urte zituela hil zen. Amak udaletxean garbitzaile-lanak eginez atera zuen familia aurrera. Pellok aurreneko herriko mojen ikastetxean ikasi zuen, Lakuntzako Lanbide Heziketan segitu zuen eta Zumarragan mekanikari ikasketak egin zituen. Familiaren egoerak kezkatuta, 16 urterekin hasi zen lanean. Denetariko lanak egin zituen eraikuntza enpresa batean kisusgile hasi zen arte. Han ogibidea ikasi eta 20 urterekin enpresa sortu zuen, bere kabuz lanean hasiz. Garai hartan sartuko zen ETAn.

Drogak garai berean harrapatu zuen eta, mendekotasuna gainditu nahian, Mondoñedoko (Lugo) El Patriarca dexintosikazio zentrora joan zen familiak lagundurik. Han lau hilabete zeramatzala, ETAko komandoko kide batzuk atxilotu zituzten. Guardia Civila atxilotzera joan zen, baina ordurako ihes egina zen. 1990eko azaroaren 30ean Bretainian atxilotu zuten eta Parisko La Santen espetxeratu zuten. Kartzelan bi urte eta erdi zeramala, gaizki sentitu eta medikura jo zuen. Diagnosia: HIESa. Mediku arreta egokirik gabe eta kartzelako osasun baldintza penagarrien ondorioz, hilabete baten buruan hil zen, 1993ko maiatzaren 15ean Antonie Beclere ospitalean, Fresnesko espetxetik hara eraman zuten.


Liburua
Mariñelarenak ihesean eta espetxean idatzitako testuak eta egindako margolanak biltzen dituen liburu Amnistiaren Aldeko Batzordeak argitaratu zuen 1993an. Liburu hori duela bi urtetik Interneten kontsultatu daiteke, Ataramiñek, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzeaz arduratzen den elkarteak sareratu baitzuen.