Egi aldarrikapena Josu Zabala Salegiren kasuan

Guaixe 2017ko mar. 16a, 19:42

Haren heriotzaren inguruko egia aldarrikatuko dute 20. urteurrenean, hilaren 25ean, 20:00etan, eginen den manifestazio batean.

Josu'20, egia jakin nahi dugu ekimenak “etxarriarrek egia jakin nahi dugula erakutsi” nahi du martxoaren 25eko mobilizazioarekin. Hurrengo egunean 20 urte beteko dira Josu Zabala Salegi ETAko kidea hilik agertu zela. Ekimeneko kideek manifestazioarekin egia aldarrikatzeaz aparte, adierazpen publiko baten bidez “gatazkaren konponbidean ardura duten eragile guztiak interpelatu” nahi dituzte. Aurreratu dutenez, Josuren familia, lagun eta etxarriarrei babesa emateko, ekitaldian Egiari Zor fundazioko kide den Ane Muguruza eta egia ezagutzeko ere borrokan ari den beste familia bateko ordezkari bat izanen direla aurreratu dute.

Ekimeneko kideek manifestazioa larunbatean aurkeztu zuten eta adierazi zutenez, “egia jakitea, eskubidea izateaz aparte, ezinbestekoa da etorkizunerako. Egia ez jakiteak Josuren familia, lagun eta herrikideen mina biderkatzen du”. Gaineratu zutenez, “egia  ezinbestekoa da aitortzan, erreparazioan eta ez errepikatzeko bermean oinarritu behar den bakea eraikitzeko. Egia ezinbestekoa da horrelako gertakaririk emango ez dela bermatzeko”.

Korrika
Zabala AEK-ko irakaslea izan zen. Korrikaren 10. edizioaren akabera festa Bilbon egin zen eta han desagertu zen. Hori guztia gogoan, ekimenak aurtengo Korrikako km bat erosi du.