Lazkoz, final-erdietan, lanera

Guaixe 2017ko mar. 17a, 14:55

18 bertsolarirekin aurrera egiten du 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Final erdietako hiru saioetan ariko dira bertsolariak bihartik aurrera. Aurreneko saioa Berako kultur etxean jokatuko da bihar, 17:30ean. Bertsotan honako seikotea ariko da:  Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes, Kotte Plaza, Alazne Untxalo eta Eneko Lazkoz. Txapelketan aurrera egin duen beste bertsolari sakandarra, Oier Lakuntza, hilaren 26an ariko da Agoitzen.

Final-erdietan bertsolariek honako lana egin beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean eta kartzelako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta, banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian). Saio bakoitzeko irabazleak finalerako zuzeneko txartela eskuratuko du. Gainera, puntu gehien batzen dituzten beste bost bertsolarirekin osatuko da finaleko taldea.

www.bertsosarrerak.eus  
Web orri horretan eros daitezke saioetarako sarrerak.