Egia, Zabalarena argitzeko

Guaixe 2017ko mar. 24a, 14:31

Igandean 20 urte beteko dira Josu Zabala Salegi ETAko kidea hilik agertu zela. Bihar, 20:00etan, kultur etxean kasuaren gaineko egia aldarrikatzeko ekitaldia eginen da.

Etxarri Aranazko kultur etxean bihar elkartzen diren herritarrek Josu Zabala Salegiren heriotzaren inguruko egia jakin nahi dutela erakutsiko eta aldarrikatuko dute. Josu'20, egia jakin nahi dugu ekimeneko kideek azaldu dutenez, “egia jakitea, eskubidea izateaz aparte, ezinbestekoa da etorkizunerako. Egia ez jakiteak Josuren familia, lagun eta herrikideen mina biderkatzen du. Egia  ezinbestekoa da aitortzan, erreparazioan eta ez errepikatzeko bermean oinarritu behar den bakea eraikitzeko. Egia ezinbestekoa da horrelako gertakaririk izanen ez dela bermatzeko”.

Horregatik, “egiaren eskaerarekin bat egiten duten guztiei” Etxarrira joateko deia egin diete. Ekitaldian ekimeneko kide batek, Egiari Zor fundazioko kide den Ane Muguruza eta egia ezagutzeko ere borrokan ari den Orbaitzetako Zabaltza familiako Idoia hitz eginen dute. Biharko ekitaldian gainera, Egia jakin nahi dugu adierazpena publiko eginen dute. Haren bidez “gatazkaren konponbidean ardura duten eragile guztiak interpelatu” nahi dituzte.

Gertaerak  
1997ko martxoaren 23an Bilboko Korrikaren akabera festa hartu zuen. Josu Zabala Salegi egun hartan desagertu zen. Autopsiaren arabera hiru egun geroago hil zen, 26an. Zabalaren gorpua Debako Mendata punta agertu zen. Bularrean tiro bat zuen eta aldamenean pistola bat zegoen. Gerora ETAk ohar bidez jakinarazi zuen Zabala erakundeko kide zela eta bahitu egin zutela. ETAk Zabalaren heriotzaren ardura Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrei leporatu zien.

Ekimeneko kideek gogorarazi zutenez, Eusko Jaurlaritzak Zabalak bere buruaz beste egin zuela zabaldu zuen 1997an. Epaitegiaren ikerketan “ suizidioaren hipotesia hankaz gora jarri zuten: gorpua agertu zen tokian ez zegoen odol arrastorik, egin ziren miaketetan bala-zorrorik ez zen aurkitu; Josuk jantzita zeramatzan zapatetan itsatsita zegoen lurra ez zen inguru hartakoa… Ikerketan azaleratutako datuak bertsio ofiziala gezurtatzen badute ere, oraindik orain, 20 urte pasa direnean, ez dugu egia ezagutzen” gaztigatu dute ekimeneko kideek. Zabalaren kasua Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino eraman zuten, baina ahalegin horiek guztiek oraindik ez dute emaitzarik eman.