Zabala, egia eta erreparazioa, berriro ez gertatzeko

Guaixe 2017ko mar. 30a, 19:50

Adierazpen bat publiko egin dute eta hura babesteko sinadura bilketa abiatu dute. Udaletxean, liburutegian, Kaxetan, Xapateron, Leku Onan eta Derryn sinatu daiteke.

Josu Zabala Salegi, Basajaun, hilik zela 20 urte bete ziren igandean. Makina bat datuk gezurtatu egiten zuten buru-hilketaren bertsio ofiziala. Heriotzaren egiaren bila familia eta lagunak Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino irisi ziren, emaitzarik gabe. Bi hamarkada eta gero etxarriarrek benetan gertatu zena jakin nahi dutela aldarrikatu zuten, larunbatean, ekitaldi batean.

Eneka Maiz Ulaiar alkateak irakurritako adierazpenean jasotzen denez, “Zabala Euskal Herrian oraindik konpontzeke dagoen gatazka politikoaren ondorioz hil zen. Bere heriotza arrazoi politikoengatik erabilitako biolentziak eragin zuten”. Jasotako datuek “buru-hilketaren hipotesia baztertzera eramaten dutela” gaineratu zuen.

Horregatik, egia jakin nahi dutela aldarrikatu zuen. “Zabalaren heriotza nola gertatu zen jakin nahi dugu; bere heriotzaren atzean egon daitezkeen erantzukizun guztiak argitzea nahi dugu. Berari gertatutakoa berriro inoiz, inon eta inori ez gertatzea nahi dugulako”. Gaineratuz, “hainbeste nahi eta behar ditugun bakea eta elkarbizitza iraganaren inguruko egian, erreparazioan eta ez errepikatzeko bermean oinarritzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugulako”.

Eskaera batekin bukatu zuten: “Euskal Herrian pairatu dugun gatazka politiko eta armatuaren konponbidean ardura duten eragile eta instituzio guztiei, bereziki Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskatzen diegu Zabala gatazka politiko honen ondorioz hildako pertsona dela aitortzea, aitortza horretatik eratortzen diren efektu guztietarako”. Aldi berean, euren baliabide guztiak Zabalaren heriotzaren egia osoa azalarazteko erabiltzea eskatu dute.

Erlazionatuak