Lazkozen bosgarren finala

Guaixe 2017ko api. 7a, 12:11

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala bihar, 17:00etan Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da.

Nafarroako bertsolaritzaren sasoi onaren eta egindako lanaren erakusle izanen da txapelketako finala. Orain arte txapelketako bederatzi saiotan 1.500 ikusle bildu dira eta bihar gehiago izanen dira. Bertsolaritzaren sustapenean beste urrats bat, bertsoaren festa handia ere izanen da hitzordua. Oholtzara igoko den zortzikotea honakoa izanen da: Julio Soto Ezkurdia, Xabi Maia Etxeberria, Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Aimar Karrika Iribarren, Ander Fuentes Iturri, Xabier Terreros Gartzia eta Julen Zelaieta Iriarte.

Bertsolariek honako lana egin beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian. Lan horiek despedituta puntu gehien lortu dituzten bi bertsolariak buruz burukora pasako dira eta orduan honela ari beharko dira: binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean, kartzelako lana eta banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Txapela
Luzia Goñi Olias aizaroztarrak jarriko dio txapela irabazleari. 89 urteko emakumea ehundaka bertso idatzi ditu. Baina garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez du izan. Hari egindako omenaldi txikiak, beraz, hamarkadetan bertsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztientzako aitortza ere izan nahi du. Txapela defendatuko duena Soto da. Duela bi urte Terrerosekin aritu zen buruz burukoan. Lazkoz haren atean gelditu zen, sekula txapelketa batean lortutako posturik onena lortuz, 3.a (2015ean 5., 2011. 7. eta 2010ean 8.). Etxarriarrak bosgarren finala du biharkoa eta ea aurrekoa berdintzea edo hobetzea duen.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa inoizko parte-hartzaile kopuru handienarekin hasi zen, 35. Lehen aldiz parte hartzen zuten bederatziek txapelketarako txartela eskuratzeko kanporaketa jokatu behar izan zuten eta Saats Karasatorre etxarriarra hura irabaziz sartu zen lehian. Aurreneko txapelketan 25. sailkatu da. Final-aurrekoetaraino bidea egin zuen beste bertsolari sakandarrak, Oier Lakuntzak. Bigarren errondan kanporatua izan zen, baina bere 14. postuak aurreko txapelketako 16.a hobetu du.

Sarrerak
Finalerako sarrerak Etxarri Aranazko Xapatero tabernan edo www.bertsosarrerak.eus web orrian eskuratu daitezke. Kiroldegiko txarteldegia, bihar, 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara.