Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko buruz burukoa Julio Sotorekin jokatu zuen etxarriarrak.

Julio Sotok laugarrenez eskuratu zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa larunbatean. Finaleko aurreneko zatia despedituta, aurreneko bi sailkatuen artean, Sotoren eta Eneko Lazkozen artean, aldea bi puntukoa izan zen. Buruz burukora pasa ziren biak. Binakako bi ariketa eta kartzelako lana eginda despeditu zen saio puntuagarria, eta orduan jakin zen epaimahaiaren epaia: Sotok 925,5 puntu eta Lazkozek 906,5. Txapela Gorritikoarendako. Bosgarren finala zuen bertsolari etxarriarrak eta estreinakoa buruz burukoan. Bigarren postu horrek, orain arteko onenak, gainera, Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera emanen dio Lazkozi.

Larunbatean 1.300 bertsozale inguru bildu dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, eta giro beroan jokatu zen finala. Etxarri Aranaztik eta Sakanatik joandako bertsozaleak izan ziren Iruñean. Pankarta ere zintzilikatu zuten: DagoENEKO txapelduna zareLAZKOZ, eman egurre Duli!

Sailkapena  
Bertsolaria Puntuak
1. Julio Soto 925,5
2. Eneko Lazkoz 906,5
3. Ander Fuentes 543,5
4. Aimar Karrika 499
5. Xabier Maia 498
6. Xabier Terreros 494,5
7. Eneko Fernandez 493,5
8. Julen Zelaieta 474,5

Argazkiak: Nafarroako Bertsozale Elkartea.