Eskiatzaile bikainak ditugu Sakanan. Horietako bi dira Benar Garziandia Goñi etxarriarra eta bere alaba Olga Garziandia Ijurko. Biak Uharte Ipar Eski Taldeko kideak dira eta bertakoekin lehiatzen dira. Aurten, esaterako, Espainiako Iraupen Eskiko Kopan hartu dute parte. 7-8 probek puntuatzen zuten Koparako eta, tartean, Benasquen, Tuixenten, Candanchun eta Baqueira-Bereten, bitan, jokatu dira. Azken proba Baqueira Beretek hartu zuen, martxoaren 25ean.
Aita-alabak sekulako maila eman dute Espainiako Iraupen Eskiko Kopan. Master II mailan lehiatu da Bernar Garziandia, eta etxarriarrak podiumera igotzeko aukera izan zuen, proba guztien denbora kontuan hartuta kopako master mailan hirugarrena sailkatu baita etxarriarra. Eta zer esan Olga Garziandiak lortutakoaz? Belaunean arazo bat tarteko, gaixotasunari aurre egiteaz gain, oinazeak zituela ere Kopan aritu da eta kadete mailan hamargarrena sailkatu da, meritu handiz. “Belauneko arazoaz errekuperatzen zen bitartean lehiatu da eta harrigarriena eskian aritzeko zuen gogoa zen. Ez zegoen %100ean, inondik inora, eta oinazeekin aritu da. Kopako 10. postu hori meritu handikoa da. Errekuperatu da, hori da pozgarriena, eta eskian lehiatzeko gogo izugarriarekin dago” aipatu digu bere amak, Izaskun Ijurkok.
Negua atzean gelditu den honetan, aurki rollerski probatan lehiatzen hasiko dira etxarriar hauek. Modalitate honetan ere zorterik onena opa diegu.