Etxarri Aranazko Udalak Bizkaiko Arrankudiaga-Zollo herriarekin senidetzea erabaki zuen hilaren 5ean. Bi herriak estatus politikoari buruzko aurreneko kontsultak egiten lehenak izan ziren Hego Euskal Herrian. Etxarri Aranatzen A13 plataformak sustatuta 2014ko apirilaren 13an egin zen eta Arrankudiaga-Zollon urte bereko azaroaren 2an, Ados plataformak antolatuta.
Etxarri Aranazko Udalak onartutako adierazpenean jaso denez, “demokraziaren aldeko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko urte historikoa izan zen hura, lehen aldiz herritarrek nahi izan zutena adierazi baitzuten, demokrazia zuzenaren bitartez. Bi herriok aitzindariak izan gara erabakitzeko eskubidea gauzatzen”. Hiru urte beteko direla eta Etxarri Aranazko Udalak adierazi du “herrian egin zen kontsultari beren parte-hartzearekin auzokideek eman zioten legitimitatea ematea, eta baita aitortzea ere gertaera horrek Etxarri Aranazko historian, Nafarroan eta Euskal Herri osoan duen garrantzi historikoa, ordutik egin diren galdeketa guztien aitzindaria izan delako”.
Herri galdeketa egin zuten aurreneko bi herriak senidetzeko prozesua hastea ere erabaki du. “Gainera, bi herrien artean lotura eta harreman kulturalak eta pertsonalak ezartzeak Euskal Herriak gaur egun duen lurralde-banaketa gainditzen lagunduko duela uste dugu”. Hilaren 23an udaletxean eginen den erakunde-ekitaldi batean gauzatuko da. Gainera, oroigarri moduan, herriko toki esanguratsu batean plaka bat jarriko da. Etxarri Aranazko Udalak ekitaldi horretara Sakanako udalak eta Gure Esku Dago taldeetako ordezkariak eta arduradunak gonbidatu ditu. Ekitaldian Arrankudiaga-Zolloko Udaleko eta Ados plataformako ordezkariak izanen dira. Etxarriarrak azaroaren 6an izan ziren Bizkaian.
Herri bazkaria
Txartelak apirilaren 18ra arte erosi daitezke; helduek 15 euro eta 12 urtera arte, 8. Bazkariko tokia eguraldiaren arabera erabakiko da.
Sakanako beste senidetzeak | |
Herria | Senidetutako herriak |
Uharte Arakil | Uharte Iruñea (Nafarroa) |
Uharte Hiri (Nafarroa Behera) | |
Uharte Garazi (Nafarroa Behera) | |
Arbizu | Marda (Palestina) |
Altsasu | Piedras Albas (Extremadura) |
Senpere (Lapurdi) |