2014ko apirilaren 13a, Etxarri Aranatzen, eta urte bereko azaroaren 2a, Arrankudiaga-Zollon, “betiko geldituko dira gure gogoan”. Halaxe adierazi zuen Eneka Maiz Ulaiar alkateak bi herrien arteko senidetze ekitaldian. Bi herrietan, plataforma banak sustatuta, estatus politikoari buruzko lehen kontsultak egin ziren eta orduan sortutako loturak senidetzea ekarri du. Ekitaldia atzo eguerdian egin zen udaletxean.
Maizek azaldu zuenez, “demokraziaren aldeko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko urte historikoa izan zen hura, lehen aldiz herritarrek nahi izan zutena adierazi baitzuten, demokrazia zuzenaren bitartez”. Bi herriak aitzindariak izan ziren bi plataformek lan egin zutelako eta haiei eskerrak eman zizkien.
Alkateak esan zuenez, “erabakitzeko eskubidea Herrien oinarrizko giza-eskubidea da, Herriok geure estatus politikoaren jabe izan gaitezen, gure garapen ekonomikoan, sozialean eta instituzionalean burujabe izan gaitezen, eta gure instituzioak libreki egituratu ditzagun, kanpo interjerentziarik gabe, eta berdintasun printzipioaren arabera. Aukera berdintasuna aldarrikatzen dugu gure Herriarendako”. Nazio Batuen Gutunak eta Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Itunak, besteak beste, hala aitortzen dutela gaztigatu zuen.
Maizek esan zuenez, “herri batek bere etorkizunari buruzko eztabaida baketsua egitea, eta etorkizunean zer izan nahi duen askatasunez erabakitzea, egin daitekeen ariketarik demokratikoena eta zintzoena da. Izan ere, gaur egun erabakitzeko eskubidea Europako hainbat lurraldetan gauzatzen ari dira, eta guk ere eskubide hori gure herrian gauzatu ahal izatea aldarrikatzen dugu, hori baita hemengo gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak eskatzen duena.
Ekitaldia
Maizek eta Itziar Duoandikoetxea alkateak senidetze agiria sinatu zuten udaletxean. Elkarrekin aginte makilak trukatu zituzten eta elkarri opariak eman zizkioten: haritz baten egurrezko taila jaso zuen Etxarrik eta herri sarrerako borobileko enborraren erreprodukzioa eta haritz landare bat eraman zuten Arrankudiaga-Zollokoek. Ondoren, estalopean, udal ordezkariek senidetzearen lekukotza uzten duen plaka agerian utzi zuten eta aurreskua dantzatu zitzaien. 40 bat pertsonek parte hartu zuten ondorengo senidetze bazkarian.
Adierazpen gehiago
Etxarriko A13 plataformaren izenean Manu Gomezek gogorarazi zuen haiek ereindako hazia 100 herritan baino gehiagotan ernaldu dela. Erabakitze eskubidea herritarren eta erakundeen esku egon behar dela esan zuen. Arrankudiaga-Zolloko Ados plataformako Joseba Martinek bidea zabaltzeagatik eta elkarlanean aritzeagatik eskerrak eman zituen. Flores Ahizpek, Lur Larrazaren eta Luisillo Kalandrakaren laguntzaz, Gure Esku Dagoren kanta abestu zuten akaberan.
Sakanako senidetzeak | |
Herria | Senidetutako herriak |
Uharte Arakil | Uharte Iruñea (Nafarroa) |
Uharte Hiri (Nafarroa Behera) | |
Uharte Garazi (Nafarroa Behera) | |
Arbizu | Marda (Palestina) |
Etxarri Aranatz | Arrankudiaga-Zollo (Bizkaia) |
Altsasu | Piedras Albas (Extremadura) |
Senpere (Lapurdi) |