Gazta, karakolak, ukenduak, eztia, ardoa, hestekiak, ogia, ereiteko Pirinioko patata… hala bete ziren 16 salmahai Etxarri Aranazko plazan. Sakanako ekoizleak biltzen dituen Belardi elkarteak udalaren laguntzaz antolatutako Ama Lur azokan opa zitekeen hori guztia. Seigarren edizioa du eta egonkortu egin da hitzordua. Jendea poliki hurbildu zen azokara, baina eguraldia lagun zuenez, aurretik bestelakoak egin zituzten eta jende emaria eguerditik aurrera nabaritu zen azokan.
Salmenta postuekin batera, azienda erakustaldia eta erakustaldiak izan ziren ere: gazta egitea, ardi motzaileak edota artilearen lanketa. Aitor Mendozak eta Oihane Rodriguezek Arbizun hazitako 100 kiloko Euskal Txerria erre zuten eta dastatzera eman zuten, ardoaz lagunduta. Guztia despeditu zen.