1. SDI inprenta ireki zenuten duela hogei urte. Hasteko, zer da inprenta bat?
Inprentaren izena SDI da, S-a gaztelaniako servicios-etik dator, zerbitzuz. Beraz, hasteko, inprentan zerbitzu bat eskaintzen dugu. Komunikazio eta diseinu zerbitzu bat. Inprenta bat hainbat ideia paperean islatzeko zerbitzu bat da, aldi berean, jendearengana iristeko eta zerbitzu bat emateko. Orain paperean bakarrik ez, beste euskarrietan egiteko aukera ematen dugu ere. Moldatzen gara. Hainbat proiektu paperaz egin ditugu, beste komunikabideekin lotuta daudenak. Orain arte liburu bat, liburu bat zen. Liburuak saltzen ziren. Eta liburuak egiten genituen. Baina orain liburuak irakurtzeko modu desberdinak daude: e-booketan, tabletetan edota sakelako telefonoetan. Beraz, beste pausu bat ematen ari gara. Esaterako, Donostiako editore baterako egin duguna: liburua oraindik paperean erosten dutenak saritzeko idazleari elkarrizketa bat egin diote eta hori liburua erosten bakarrik eskura daiteke. Proiektu oso polita izan da, erronka polita. Produktu normal batetik zerbait gehiago lortu dugu.
2. Zergatik inprenta bat?
Oso galdera ona. Nire emazte Yolandarekin batera ireki nuen. Ni Ufesan ari nintzen lanean. Ufesan inprentako produktu asko ikusten genituen eta beti oso erakargarria iruditzen zitzaidan. Antzeko lanak egiten nituen han, argibide liburuak marrazten, asmatzen eta prestatzen nituen. Eta momentu bat iritsi zen non eskaintza zegoela ikusi nuen. Behar bat zegoen. Momentu horretan ordenagailua zegoen, orain arte Arte Grafikoetan tresna iraunkor bat izan da, beste batzuekin batera. Gu ordenagailuak erabiltzeko jantzita geunden. Ordenagailuekin batera beste tresna bat sortu zen ere, digitalak. Guk denak erabili ditugu, inprenta normala, offseta, ordenagailua eta gero beste pausu hori eman genuen ere, digitala.
3. Beraz, hogei urte hauetan asko aldatu da teknologia. Nola egokitu zarete?
Gure lana asko gustatzen zaigu.Pausuak ematen direla ikusten dugunean , pausu horien atzetik goaz. Ez zaigu kostatzen. Ferietan egoten gara, berrikuntzak egiten ditugu, lehendabiziko ideia zerbitzua ematea da, inprentako zerbitzua eta komunikazio zerbitzua, hortaz, inguru horretan dauden gauza guztiak begiratzen ditugu. Offsetarako ordenagailuekin hasi ginen eta ia hasieratik digitalak ere bai. Momentu horretan erronka beste produktu batzuk erabili ahal izatea zen. Produktu horiek tirada txikietan egiten ziren. Guk tirada handiak zein txikiak egiteko aukera geneukan. Horrek merkatuan beste toki batean kokatu gintuen.
4. Zer nolako lanak egiten dituzue?
Gure eskaintza oso handia da. Zuk zure euskarria nahiago duzu, nik beste modu batera nahiago dut, eta beste batzuk beste modu batzuetara. Zuk, agian, 80 orrialdeko katalogo bat behar duzu, nik eskuorri bat behar dut eta besteak liburuxka batzuk. Gure ideia beti denondako lan egin ahal izatea izan da, hortaz, gure enpresa pertsona guztiei zerbitzu on bat eman ahal izateko prestatuta dago. Katalogo handi bat behar duenarendako, txiki bat behar duenarendako, edozein produktu grafiko behar duena zein zerbait espezifikoa behar duenarendako ere.
5. Nola da lan baten prozesua?
Dena zerbitzuarekin lotuta dago. Duela hogei urte jendea etortzen zen eta ez zekien zer egin nahi zuen. Ideia batekin etortzen zen eta ideia hori gauzatu behar genuen. Batzuetan diseinua da, beste batzuetan diseinua eta inprimatzea eta beste batzuetan bakarrik inprimatzea. Guk proposamenak egiten ditugu. Gero, gure ideia eta bezeroaren ideia pixkanaka uztartzen ditugu. Berak esango digu garestia den edo ez. Hori nahi duen edo ez. Paperezko katalago pila dago. Lau edo bost enpresekin lan egiten dugu eta paper mota pila bat daude. Diseinua ez da bakarrik irudi bat, askotan gure produktuak ukimenarekin ere desberdindu daitezke. Bisitako txartel bat ematen duzunean, txartel horrek ukimenaren bidez ere transmititu dezake. Orduan, gauza horiek kontuan izaten ditugu, baina, esan bezala, bezeroak erabakiko du zer gustatzen zaion eta zer ez zaion gustatzen. Bezero batekin gertatu zitzaigun, paper kolore jakin bat nahi zuela, eta azkenean lortu genuen. Lan oso ona egin genuen eta bai bezeroa baita ni ere oso pozik gelditu ginen. Baina kolore horrek ez zuela bere lanerako balio esanez deitu zidan ,bertan idatzi behar baitzuen eta ez zen ikusten. Beraz, beste gauza bat gehitu genion prozesuari: funtzionalitatea. Hogei urte hauetan bezeroekin lotura berezi bat lortu dugu, konfiantzazko harreman bat sortu dugu.
6. Konfiantza harremana sortu duzue. Urte hauetan bezeroen eskaria aldatu da?
Gu ez gara jaio merkatuarekin, ezta merkatua gurekin jaio. Gu merkatura moldatu gara, eta askotan merkatuak gure lana moldatzen du. Orduan, hogei urte horietan restyling pila bat egin dugu, esaterako. Oso pozgarria da pentsatzea momentu batean ideia bat izan genuela, hogeita ez dakit zenbat urte genituela, etxean hasi ginela lan egiten, bajeran. Lanarekin aurrera egin dugula eta hogei urte ondoren, hogei urte bete duzula. Hori bezeroei eskertzekoa da. Gurekin batera belaunaldiek aurrera egin dute. Adibidez, aitarekin hasi ginen lanean eta orain semeak jarraitu du negozioarekin. Hor egon gara, lan oso desberdinak egiten eta lanean jarraitzen dugu. Ikusi dugu ere krisialdiak nola jo duen, edo beste gertakari batzuk ezagutu ditugu. Aldaketa ugari izan dira. Baina aurrera segitzen dugu beraiekin eta beraiek gurekin segitzen dute.
7. Zer tresnak erabiltzen dituzue?
Lehendabiziko pausuak ordenagailuekin egiten dira. Hasi ginenean beste pausu bat zegoen ordenagailuaren lanaren ondoren: fotolitoa. Fotolitoa PVCko xafla bat zen eta zilarrezko ainu batzuk zituen. Laser batekin filmatu egiten zen pelikula bat eginez. Pelikula hori plantxa batera eramaten zen eta bertan islatu egiten zen. Ondoren, garbitu egiten zen. Fotolitoan zeuden markak gelditzen ziren. Hori bi urtez erabili genuen, gero zuzenean plantxara bidaltzen genuen. Fotolitoaren prozesua kentzen genuen, eta, ondorioz, kostuak ere merkatzen ziren. Gaur egun makinen barruan daude prozesuaren zati asko, eta produktua asko merkatzen da. Bezeroak produktu bakarra nahi badu,eman ahal izatea lortzen duzu, eta hamar mila nahi izatekotan, hamar mila ematea. Guk BSH markarekin egiten dugu lan. BSH alemaniarra da eta oso zorrotzak dira ISO arautegiarekin. Tresnetan zeuden produktu pila bat ingurugiroarendako kaltegarriak ziren, horregatik orain dela hemezortzi urte tinta berri batzuk lortu genituen, petroliorik eta gasik gabekoak. Gero belar-olioak erabiltzen hasi ziren. Azkenean,ziurtagiri bat lortu genuen eta oso pozik gaude.
8. Hogei urtetan, beraz, tresnak asko aldatu dira?
Azkeneko bi makinek prozesuak lotuta dauzkate. Lehen ,makina batean inprimatzen zen, beste makina batek produktuak plegatzen zituen eta beste batean mozten zen. Orain makinak moduluka saltzen dituzte eta zukpaper txuria jartzen duzu eta lana ia bukatuta ateratzen da. Aldaketa pila bat izan dira. Orain beste aldaketa handi bat datorrela ikusten ari gara. Robotika sartzen ari da eta azkeneko urratsak, produktuak kutxetan sartu, traspaletatu eta horrelako gauzak egiten dituzte. Erabiltzen hasi dira, eskaintzak jaso ditugu.
9. Inprentan egiten dituzuen produktuak aldatu dira. Papera desagertuko da?
Papera gero eta gutxiago erabiltzen da. Baina beharren arabera. Nik argi eta garbi esaten dut katalogoak eta antzekoak paperean irakurtzen duen jende pila ba badagoela,eta beste batek pantailan ikusten duela. Horregatik, orain bi aldeak lotzen ari gara. Baina merkatua badago. Jende heldua edo, besterik gabe, protokolo batzuk esistitzen direlako oraindik ere. Aurkezpen bat egin behar baduzu bisita txartel pertsonalizatua eramaten duzu, zuk emango didazu zurea eta nik nirea emanen dizut. Askoz errazagoa izanen litzateke zuzenean telefonoan gordetzea, baina protokolo horiek daude oraindik. Orduan, bai, papera gutxiago egiten da, baina produktuaren araberakoa da. Eraldaketa bat egon da enpresetan ere. Multifuntzioak erabiltzen dituzte. Eta zenbait gauza ez dute inprimatuko. Beste batzuetan guk produktua inprimatuta ematen dugu eta gero haiek pertsonalizatzen dute merkeago ateratzen zaielako. Paperaren erabilpena jaitsi da, produktu batzuetan gehiago, beste produktuetan gutxiago.
10. Zer produktuetan ikusi duzue jaitsiera handiagoa izan dela?
Liburuak tirada motzagoetan egiten dira. Esan dudan bezala, gu hasi ginenean tirada handiak egiten ziren eta beste zerbitzu hori ematen hasi ginen . Horrek denbora ematen dizu. Hasieran tirada txiki bat egiten duzu eta nola saltzen den ikusten duzu. Ondoren, beste tirada txiki bat. Eta ongi saltzen bada ,tirada handiagoa egiten duzu. Aukera hori ematen duzunez, jendeak erabiltzen du. Horretarako dago.
11. Etorkizunerako zer?
Hogei urtetan ikusi dugunaren arabera, hainbeste aldaketen ondoren, nik uste ez dugula beste hogei urtetan hainbeste ikusiko. Tresna gehienak jendeak erabiltzen ditu jada, sakelako telefonoa, tabletak... Gu horrekin lanean hasi gara. Orduan, hurrengo tresnak nolakoak izango diren ez dakit. Oso azkar ari da dena aldatzen eta ezin jakin. Baina guk moldatu beharra daukagu orain arte egin dugun bezala.