Etxarriko Elkartasun Eguneko berritasuna eguerdian jokatu zen: ginkana. Herriko preso bakoitzeko talde bat lehiatu zen, zazpi. Eta beste horren beste proba gainditu behar izan zuten. Aurrena, presuek etxia! leloak esaten zienarekin margolan bat osatu behar izan zuten. Margolan bakoitza preso bati bidali zaio bazkarian jasotako mezu eta sinadurekin. Ondoren zazpi taldeek Etxarri eta presoak dauden kartzelen artean bidean dauden 10 herri modu egokian kokatu behar izan zituzten mapa batean.
Presoek kartzelako kantinan 100 bat euro gasta ditzakete astero. Kantinan salgai dauden produktuen zerrenda, preziorik gabe, jaso zuten taldeek eta 100 euroko erosketa egiteko 3 minutu izan zituzten. Laugarren proban taldeko kide batek antolakuntzak emandako presoa deskribatu behar zuen debekatutako hitza erabili gabe. Bosgarren proban presoen espetxe aldaketa baten larruan jarri zituzten parte-hartzaileak. Hurrengo egunean eramanen zutela eta 5 kilo besterik ezin zituztela eraman. Taldeek mahai batean zegoen materialaren artean aukeratu behar zuen, motxila batean bost kilo sartzeko. Azken aurreko proban zazpi presoei buruzko 14 galdera erantzun behar izan zituzten gurutzegrama batean. Azken proban, errelebo lasterketa egin zen herriko zazpi tabernetan barna. Bakoitzean esaldi berri bat jasotzen zuen taldekideek, hala testua osatu eta hura plazan esan arte.