Etxarri Aranazko Sare herritarrak Motxilaren umea pedagogia-filmaren mustutzea antolatu du. Proiekzioak bi zati ditu. Aurrenekoak, 11 urteko haur baten, Maiderren, eta 700 km-tara preso dagoen bere amaren arteko harremana kontatzen du. Espetxera aitonarekin egindako bidaia horietako bat hain zuzen ere. Bere lagunendako Maiderrek bidai berri bat egin behar duenaren seinale da motxila, ezingo dela asteburu horretan beraiekin jolasean aritu, edo eta etxeko lanak ere egiteko aukerarik ez duela izanen ulertarazten diena.
Bigarrenak, berriz, umeek dituzten eskubideak eta haien urraketak azaltzen dira, 1959. urtetik Nazio Batuen Erakundeak berak aitortutako eskubideak eta beste askoren artean Espainiako eta Frantziako estatuek onartuak. Gainera hezkuntza munduko profesional eta psikologo baten testigantzak biltzen dira.
Filmaren izenburu osoa Motxilaren umea. Ehunka euskal umeri ukatutako eskubideen aldeko aldarria da. Kurkuluxetan kultur elkarteak egin du filma eta ehunka euskal umeri ukatuak zaizkien eskubideak babesteko ahaleginean jarri nahi du arreta. “Lan hau gainera egoera eta eskubide objetiboetan oinarrituak daude, ez da ikuspegi ideologiko batetik landu. Fikziozko historia bat da baina egoera errealetan oinarritua”. Filmak 22 minutuko iraupena du.