Plaza irisgarriagoa egiteko lanak eginen dira

Guaixe 2023ko ira. 20a, 08:56
Plaza erabat irisgarria egiteko jolas parkearen zorua maila berean jarriko da. UDALA

Lau tokitan oinezkoendako irisgarriagoa eginen dute plaza. Lanak egin ondoren plaza espazio bakar bat izanen da eta ez plazen jarraipen bat. 

Etxarri Aranazko Udalak plaza hobetzeko parte hartze prozesua abiarazi zuen 2017ko otsailean. Haren ondorioz, Larreñondon autoendako aparkalekua egin zen, udaletxe pareko zabalgunea eta Larrañeta kalearen zati bat oinezkoendako bihurtu zen. Prozesu haren baitan plazan estalpea jartzea ere erabaki zen. Hartutako erabakien bidez Etxarri Aranatz erdigunean oinezkoei lehentasuna eman zitzaien. Asmo horrekin jarraituz, plazan zehar erabateko irisgarritasuna lortzeko bigarren fase bat eginen du orain udalak. Haren bidez, arkitektura oztopoak dauden lau tokitan horiek kentzeko lanak eginen dira. 

Lehen lana liburutegiaren, kutxaren eta liburu dendaren arteko espazioan eginen da: zorua altura berean jarriko da, udaletxe pareko zabalguneko altura berean utziz. Granitozko harlauzak jarriko dira zoruan. Horrekin batera, zuhaitzen ondoan dagoen banaketa murru txikia eta haren aldamenean dauden harrizko kuboak kenduko dira. Aldi berean, liburutegira sartzeko dagoen koxka kenduko da, sarbide irisgarria izan dezan. 

Bestetik, Kale Nagusiaren eta Mundiño kalearen bidegurutzearen ondoan beste lan bat eginen da. Udaletxearen aldamenean zeuden aparkatzeko tokiak kendu eta zelaigune txiki bat egin zen. Baina handik aurrera eta atzera ibiltzen direnak udaletxeko espaloia eta zelaigune horretan arkitektura oztopoak dituzte. Horiek kentzeko eta biak altuera berean jartzeko porlanezko zebrabide goratu bat eginen da. 

Maiza eta Lazkoz kaleen parean plazako zuhaizti batetik bestera pasatzeko tartea dago. Zuhaiztiak baino beherago dago, eta handik ere ibilgailuak pasatzen dira; lehentasuna dute gaur egun. Plaza guztia altura berean ez dagoenez, oinezkoendako oztopo handia da, batez ere, zaurgarrienak diren pertsonendako: gurpildun aulkian edo taka-takarekin ibiltzen direnendako, silletendako... Behera jaisteko aldapa handia dago eta bustita dagoenean arriskutsua da. Gainera, beheko zorua galtzadarrizkoa da eta horrek adinekoen eta haurren makina bat eroriko eragin ditu. Hori guztia kontuan izanda udalak erabaki du plaza guztia altura berean jartzea, liburutegitik jolas parkeraino. Horregatik, obra bera eginen du haurren jolastokiaren parean. Horrela, oinezkoak lehentasuna izatera pasako dira, ibilgailuen kaltetan. 

Bai plazaren erdian eta jolas parkearen ondoan honako lanak eginen dira, besteak beste: harrizko kuboak kendu, gaur egun autoak pasatzen diren tokian porlana bota plaza altuera berean jartzeko, haren gainean granitozko harlauzak jarri, autoendako arranpatan galtzadarriak jarri. Udalak lan horiek guztiak egiteko 77.411,41 euroko aurrekontua du. Lanak udazkenean eginen dira.