Etxera eguna antolatu dute Etxarri Aranatzen

Guaixe 2024ko mar. 21a, 12:10

Apirilaren 6an, larunbata, salbuespenezko espetxe politika salatzeko eta presoekiko elkartasuna adierazteko eguna izanen da Etxarri Aranatzen.

Etxera dinamikaren barruan Sakanako Etxera eguna antolatu dute apirilaren 6an, larunbata, Etxarri Aranatzen. Egun osoko antolatu dute, salbuespenezko espetxe politika salatzeko eta Sakanako presoei elkartasuna adierazteko; besteak beste, solasaldia, musika, desafioa, herri bazkaria, kotnzertua eta mobilizazioa izanen dira. Egunean zehar txozna egonen da ere. Herri bazkariko menua baratxuri zopa, arkumea txilindron erara, goxua, kafea eta kopa izanen da, eta aukera beganoa egonen dela jakinarazi dute antolakuntzatik. Txartelak Xapatero eta Leku Ona tabernetan eros daitezke, 20 eurotan, apirilaren 2ra arte.

Etxera Egunean ere Sakandarron Krosfit Desfioa edo ostopo froga jokatuko da, 13:00etan, plazan. Bost talde izanen dira lehian: Irurtzun eta Arakil; Lakuntza eta Arbizu; Etxarri Aranatz; Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain, eta Altsasu, Olazti eta Ziordia.

Sakanako Etxera eguneko egitaraua

Apirilak 6 larunbata

Etxarri Aranatz

11:00 - 12:30 Solasaldia: Jaione Karrera abokatuaren Zer da salbuespenezko espetxe politika? Nola eragiten die Sakanako presoei?, kultur etxean.

12:30 Txozna irekiera eta musika, plazan. 

13:00 Sakanako herrien arteko desafioa Oztopo guztien gainetik... etxera!

15:00 Herri bazkaria, plazan.

18:00 Txozna irekiera.

18:30 Kontzertua: Patrice Dumora Watson, plazan.

20:00 Eskualdeko mobilizazioa: Gi(lt)za katea.

20:30 Taloak eta DJ Bull, plazan.

23:00 OnkiXin, talde sorpresa eta DJ Bull, plazan.