Astekaria

"Europako mugak gurutzatzerakoan haien giza eskubideak zalantzan jartzen dira"

Guaixe 2023ko mar. 29a, 14:01
Ines Huarte Gonzalez atzerriko terraza batean. UTZITAKOA

Europako bidean Balkanetako bidea hartu duten pertsonak laguntzen aritu zen iraila bukaeratik abendura arte Ines Huarte Gonzalez hiriberriarra.

Arakilgo Udalak estreinakoz joan den urtean kooperazio beka deialdia egin zuen. Bi helburu zituen, batetik, arakildar gazteen artean garapen bidean dauden herrialdeetan kooperazio jardueren inguruan sentsibilizatzea eta, bestetik, herrien eta kulturen arteko elkartasun kultura gazteen artean sustatzea. Horretarako, gazteek gobernuz kanpoko erakunderen batekin aritu behar zuten. Ines Huarte Gonzalezek, kooperazio bekarekin, Balkanetan egon zen eta martxoaren 24an "ikusezin bihurtutako errealitate" horren berri Hiriberri Arakilen jasotzeko aukera izan zen hilaren 24an. Balkanetako bideari buruzko dokumentala eman zuten eta ondoren, Huartek lan egin zuen erakundearen eta bere esperientziaren berri eman zuen. Aukera baliatu zuten elkartasun pintxopotea eta diru bilketa egiteko. 

Zergatik eman zenuen bekarako izena? 
Momentu hartan lana uztekotan nenbilen. Dagoeneko ibilia nintzen beste gobernuz kanpoko erakunde batean lanean, Donostian. Kanpora irteteko gogoa nuen, baina momentu hartan, egia esan, ez nuen buruan orduan egitea. Baina beti izan nuen ideia hori hor. Lehenago ere, 2016an, Greziako errefuxiatu eremu batean boluntario aritu nintzen lanean. Arakilgo Udalaren deialdia garagarrilean atera zen, nire egoera pertsonalarekin, primeran etorri zitzaidan. Egun batetik bestera erabaki nuen nire burua beka horretara aurkeztea. Eta, hara non, beka jaso nuen. 

Aurretik esperientzia bai, baina bekarik gabe egiteko asmoa izanen zenuke? 
Bekak horretara jarri ninduen: pentsatzea nora joatea gustatuko litzaidakeen, zer erakunderekin, erakunde horrekin harremanetan jartzea. Beka jaso ahal izateko plangintza aurkeztu nuenean pentsatu nuen bai edo bai joango nintzela, beka jaso edo ez. Baina beka aitzakia izan zen proiektu hori prestatzeko. 

Beka deialdia egin zenerako erakunderen bat begiz jota zenuen? 
Batzuk nituen buruan. Bekaren estreinako aldia zenez, denbora gutxi izan genuen aurkezteko. Berehala jarri izan behar izan nuen hainbat erakunderekin. Erantzunak jaso ahala bati edo besteari eman nion lehentasuna. Gehien bat bi aukera nituen: No Name Kitchen, azkenean, haiekin egon nintzen eta Hego Amerikako erakunde bat. Baina migrazioarekin lotuta baino, komunitate kulturarekin harremana zuen proiektua zen. 

Zergatik aukeratu zenuen bat eta baztertu bestea?
Biak oso desberdinak ziren. Gehien bat erantzunaren azkartasunagatik izan zen. 

Ordura arte migratzaileekin lan egin zenuen, ezta? 
Bai. Hala suertatu zitzaidalako. Psikologia ikasi nuen Donostian. Beti gustatu izan zait psikologia sozialaren alderdi hori. Praktikak psikologia sozialari lotutako erakunde batean egin nituen, justu, migraziora bideratuta zegoena, hemen gehiago kultur aniztasunari lotutako erakundea zen. Han bukatu nuen lanean eta, horregatik hain zuzen, mundu horri lotutako beste erakunde batzuk ezagutu ditut. 

Azaletik bada ere, zer da psikologia soziala? 
Psikologiak hainbat alderdi ditu. Psikologia sozialak aztertzen ditu taldeen arteko harremanak eta eraginak nolakoak diren. 

No Name Kitchen, izenik gabeko sukaldea, zer erakunde mota da? 
Gobernuz kanpoko erakunde edo proiektu edo mugimendu bat da, horrela izendatzen dute beren burua. Oker ez banago 2017an sortu zen eta hainbat naziotako boluntarioek osatzen dute. Erakunde txikia da. Oraingoz liberatu gutxi ditu, parte hartzen duten pertsonak, gehienbat, boluntarioak dira. Handitzen ari da. Hainbat kokaleku ditu, baina batez ere Balkanetan lan egiten du. Mugimenduan dauden pertsonei elkartasuna adierazten lan egiten du, bai aterpe, bai babes bila doazenekin, baita bertakoekin ere. 

"Siriako gerra ondoren elkartasun olatu handia ikusi genuen, erakunde asko Greziara joan ziren jendea hainbat modutan laguntzera. Baina Balkanetan, esaterako, ez dago laguntza sare hori"

Pertsona horiek Balkanetara iritsi badira sorterria utzita, Turkiatik edo Mediterraneoa gurutzatuz eginen zuten. Balkanetara motxila handi batekin iritsiko dira, ezta?
Hori da. Beraien herrialdeetatik ihesi edo alde egiten duten pertsonak Europara bidean, edo, batez ere, toki seguru baten bila joaten direnean hainbat ibilbideren artean aukeratzen dute eta haietako bat Balkanetakoa da, migrazio ibilbide nagusietako bat da. Balkanetatik pasatzen den jendea, normalean Greziako kostaldera iritsi da, edo Turkiara. Handik Europa iparraldera abiatzean, Balkanetatik pasatzen dira. No Name Kitchen bezalako erakundeak bertan kokatzen dira han ez dagoelako laguntza sare handirik. Siriako gerra ondoren elkartasun olatu handia ikusi genuen, erakunde asko Greziara joan ziren jendea hainbat modutan laguntzera. Baina Balkanetan, esaterako, ez dago laguntza sare hori eta horrelako erakundeak han kokatzen dira. Hango herrialdeek ere ez dituztelako azpiegitura eta gaitasun ekonomiko handiak artatzeko. Beraz, han dagoen jendea ez da han gelditu nahi duelako; han daude mugimenduan, pasan daude. 

Erakundeak hainbat kokaleku ditu. Zuk haietakoren batean lan egin zenuen? 
Bai. Bost kokaleku ditu: bina Serbian eta Bosnian eta beste bat Grezian. Ni Bosniara joan nintzen, Velika Kladusa hirira; Bosnia eta Kroaziaren arteko mugaren ertzean dago.

Jendeak Kroaziara sartzea lortzen zuen, askotan poliziarekin topo egiten zuen eta, legez kanpo, Bosniara itzularazten zituzten

Mugak txarrantxaz eta hesiz beteta, polizia kontrol handiak. Europa amestura sartzeko trabak besterik ez dituzte opatzen. Zuek han egoitza bat eta jendearekin topo egin zenuten. Zer gertatzen da topaketa horietan?
Jendea, normalean muga horiek gurutzatzen saiatzen da. Europako herriek jarri dituzten muga horiek gurutzatu nahian, normalean, haien giza eskubideak zalantzan jartzen ari dira. Eta askotan  beraien bizitzak ere arriskuan jartzen dituzte muga horiek gurutzatzeko. Batzuetan mugak ez dute zertan fisikoak izan behar: txarrantxa edo hesia. Batzuetan muga naturalak izan daitezke: mendiak, basoak edo ibaiak. 

Guk pertsona bat opatuz gero, bere ibilbide horretan harrera eta laguntza duina ematen genion, hurbiltasuna, zerbitzuak eskainiz. Gure lana, zehazki, arropa banatzea zen. Jendeak eskatzen zuen. Gure donazioen artean pertsona bakoitzari egokituko zitzaion arropa sorta lortzen saiatzen ginen, gero haiei eramateko. Dutxa beroak ere bai. Halakoak toki batetik bestera eramateko sistema bat daukagu. Gelditzen ziren pertsonekin harremanetan jartzen ginen haiek zeuden tokira joan eta dutxa beroa har zezaten. Izan zitekeen basoa, utzitako lantegi bat, hustutako etxea... Haietara arropa, dutxa beroak eta lapikoak eramaten genituen. 

Han, mugan, legez kanpoko deportazio asko izaten ziren. Jendeak Kroaziara sartzea lortzen zuen, askotan poliziarekin topo egiten zuen eta, legez kanpo, Bosniara itzularazten zituzten. Askotan modu bortitzean. Guk pertsona horiek artatzen genituen. Giza eskubideen urraketen testigantzak jasotzen genituen, ondoren datu base batean erregistratzeko. Beste eginkizun garrantzitsua zen hori. 

Migratzaileek nola zuten No Name Kitchenen berri? 
Normalean, gure berri zuten gu hurbiltzen ginelako edo, agian, batak besteari informazioa pasatzen ziolako. Azkenean, bidean doazen pertsonen artean sareak sortzen dira eta eta batak besteari informazioa pasatzen dio. Horregatik, normalean, kokalekuak toki finkoak ziren, baina bertan zegoen jendea aldatzen zihoan, gehienak saiatzen zirelako beti muga gurutzatzen. Epe motzerako zeuden, muga zeharkatzea lortzen zuten arte. Edo beste toki batera joaten ziren, han ez zutelako. Gu, normalean, kokaleku horietara hurbiltzen ginen eta geure burua aurkezten genuen. Haiek ere ezagutzen genituen edo ikusten genuen guk gure esku zer genuen eta zer egin genezakeen egoera hura nolabait arintzeko, edo beharrak asetzeko. 

"Balkanetan eta Grezian ere ikusten ari gara migrazioa kriminalizatzen dela, baita migratzaileekiko elkartasuna ere delitutzat hartzen da eta kriminalizatzen da ere"

Zuen lan esparrua ere oso mugatua egonen da, zuen laguntza tokiko legeen arabera delitua izan daitekeelako. 
Bai. Balkanetan eta Grezian ere ikusten ari gara migrazioa kriminalizatzen dela, baita migratzaileekiko elkartasuna ere delitutzat hartzen da eta kriminalizatzen da ere. Azkenean, lortu nahi dute migrazioari lotutako guztia delituarekin lotzea. Beraz, guk ere kontuz ibili behar genuen. Eta beti egiten genuena edo neurtu edo nolabait mozorrotu edo ezkutatu lege itxura izan eta kriminalizazio hori ekiditeko. 

Zein da bidean dauden pertsonen profila? 
Urteekin aldatzen joan da. Nik ezagutu nuen jendea, gehienbat, gizonezko gazteak ziren. Gehienbat Afganistan eta Pakistanekoak, edo Ekialde hurbileko herrialdeetatik etortzen zirenak: Iran, Irak, Kurdistango gazteak. 16 eta 25-30 urte arteko gazteak ziren. Gehienbat bakarrik bidaiatzen zuten. Bidean ezagututako jendearekin, edo lehengusu batekin edo anaia batekin taldeak osatzen zituzten. Askok, dagoeneko, Europan senideren bat zuten; nahiz eta urruneko familia izan. Baina berarekin elkartzeko asmoa zuten askok. Beste batzuk ez, bakarrik joaten ziren. Nahiz eta sorterriko herrialdeetan deklaratutako gerrarik ez egon, soziopolitikoki herrialde oso ezegonkorrak dira, gatazka handiak dituztenak. Askok talibanengandik egiten zuten ihes, edo pobreziatik, edo bizitza hobe baten bila. 

Familiak ere opatzen genituen, gehien bat Siriatik etortzen ziren, edo Kurdistanetik. Batzuetan Afrika hegoaldeko herrialde batzuetako jendea ere ikusten genuen batzuetan, esaterako, Burundiko jende asko, Kongokoa edo Kamerungoa. 

"Migratuekiko erantzuna hiriaren arabera desberdina da. Denetarik dago"

Muga horiek zeharkatu ahal izateko denbora behar izaten da. Balkanetako gizarteak zer nolako harrera egiten die bidean diren pertsona horiei? 
Toki guztietan bezala denetarik dago. Ezberdinduko nuke gizarteak egiten dien harrera eta instituzioek egiten dietena. Gizartean denetarik dago. Europako iparraldearekin konparatuta, beti herrialde pobretuak izan dira. Bestetik, esaterako, Bosniak eta Serbiak historia hurbil oso bortitz eta latza izan dituzte, oraindik ere, nolabait, berreskuratzen ari dira. Beraz, migratuekiko erantzuna hiriaren arabera desberdina da. Denetarik dago, elkartasun handia erakusten tokiak daude, arazoa ekiditen dutenak, edo arazoaren aurrean begiak ixten dituztenak ere badaude. 

Han psikologia soziala praktikatzeko aukera izan zenuen? 
Psikologia soziala oso zabala da. Han taldekide bakoitzak egiteko bat zeukan. Nirea, besteak beste, indarkeria politiko hori jasan zuten pertsonen testigantzak jasotzea zen. Nahi zuenari elkarrizketa egiten nion eta, ondoren, elkarrizketan oinarrituta txosten bat idazten nuen. Hura nolabait agerian, dokumentatuta, gelditu zedin, ondoren salaketa soziala eta politikoa egiteko. Salaketa Parlamentura eramanez, hilabetero txostenak eginez eta bestela egiten da. 

Harremana sortzen da halakoetan. Bueltatu ondoren, migratzen ari den pertsonaren batekin erlazioa mantentzen duzu?
Batzuekin bai. Kontatzen digute non dauden, nola iritsi diren, zertan ari diren orain. Batzuek bidean zeudela zuten itxaropena zen amestutako herrialde horretara edo Europa horretara iristea. Zoritxarrez, iritsi direnean ez dute topatu espero zutena, zailtasun asko bizitzen ari dira. Baina, gutxienez, babesean daude gehienak. 

Dagoeneko etxean bueltan. Aldian-aldian buruak handik buelta egiten du? 
Bai, batez ere hasieran. Kosta egiten da batzuetan hain errealitate hurbil eta urruna aldi berean uztea. Harremanetan jarraitzen dut oraindik bertan ezagututako jendearekin, erakundearekin ere. Horrek ere laguntzen du trantsizio horretan.