Hiriberriarrek Albirako joan-etorria egin zuten

Guaixe 2023ko eka. 27a, 12:06
Hiriberriarrak Madalen Haitz parean gosaltzen. UTZITAKOA

Urtero mendira egiten duten bigarren irteera izan zen.

Hiru hamarkada pasa dira Hiriberri Arakildik Albira joaten direla egun pasa. Txitera elkarteak antolatzen du. Aurten hilaren 24an, larunbatarekin, joan ziren. 08:00etan jarri zuten hitzordua plazan. Talde handi bat Berastegiko harrateko magaletik Aralarrera igo, handik Ata ibarrera jo eta gurutzatu ondoren, Artxueta atzetik pasa eta Albiko zelaira 14:30 aurretik iritsi ziren. 

Bermuta hartu eta aurretik joandako sukaldariek prestatutako mahaiaren bueltan eseri ziren 55 hiriberriarrak. Bi paella eder bazkaldu ondoren, kantu eta karta jokorik ez zen falta. Ezta egun horretan ohikoa den futbol partida ere. Iluntze aldera bueltatu ziren herrira, egun ederra pasa ondoren. 

Txitera elkarteak urteroko bi irteeretako azkena izan zen larunbatekoa. Sakanako Ibilaldi Handiaren ondorengo larunbatean Beriain mendira igotzen dira hiriberriarrak. Aurten igoera maiatzaren 6an izan zen. Handik jaitsi eta elkartean alubi-jana izan zuten.