Txirrindularitza

Imanol Erbitik bere hamabosgarren Vuelta despeditu du

Guaixe 2023ko ira. 18a, 10:29
Imanol Erbiti, irailaren 16ko etapan Enric Mas gidatzen. MOVISTAR / GETTY IMAGES

Hiriberriko txirrindulari beteranoa talde gizon bikaina izan da Enric Masendako

Irailaren 17an despeditu zen Vuelta, Madrilen jokatutako 100 kilometroko etaparekin. Esprintean, Kaden Groves (Alpecin) izan zen azkarrena (2:24:13). Sailkapen orokorrari dagokionez, Jumbo-Visma izan da Vueltako jaun eta jabe, hiruko ederra osatu baitu. Sepp Kussek lidergoari eustea lortu zuen eta bera izan da Vueltako txapeldun handia, Vueltak izan dituen 3.133,2 kilometrotan finena (76:48:21). Bigarren bere taldekide Jonas Vingegaard sailkatu da, 17 segundora, eta hirugarren Primoz Roglic taldekidea, 1:08ra. 

Nabarmentzekoa da Juan Ayuso nafarra (UAE) laugarren sailkatu dela, 3:18ra, eta Mikel Landa (Bahrain) bosgarren izan dela, 3:3,7ra. Ayusok Vueltako gazte onenaren saria jaso zuen.

Hiriberriko Imanol Erbiti Ollo txirrindulariak (Movistar Team) bere hamabosgarren Vuelta despeditzea lortu zuen, sailkapen orokorrean seigarren izan den Enric Mas liderrarendako lan itzela egin ostean. Erbiti sailkapen orokorrean 78. izan da, 2:51:33ra. 

Mendiko sailkapena Remco Evenepoelek irabazi zuen (Soudal); erregulartasunaren saria Kaden Grovesek (Alpacin); eta, jakina, talde onena Jumbo Visma izan da, ezbairik gabe.