Astekaria

"Oraindik ez dakit datorren urtean aktibo jarraituko dudan"

Maider Betelu Ganboa 2023ko ira. 27a, 14:30
Imanol Erviti, Vueltan. MOVISTAR TEAM

Vuelta bukatu berri, irailaren 24an Europako Txapelketetan lehiatu zen Imanol Erbiti, 39 urterekin, bere ibilbide profesionaleko hemeretzigarren denboraldian 

Imanol Erbiti Ollo (Hiriberri, 1983-11-15) oso ezaguna da profesional mailako tropelean. 39 urterekin, profesionaletan bere 39. denboraldia osatzen ari da, guztiak talde berean, Eusebio Unzueren esanetara. Talde gizon preziatua da, profesional handia. Frantziako hamahiru Tour, Espainiako hamabost Vuelta eta Giro bat ditu. Horretaz gain, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Munduko zortzi txapelketatan lehiatu da eta Europako bi txapelketetan, igandean hiru izango direnak. Vueltan bi etapa garaipen ditu, 2008an eta 2010ean, eta galtzadarrien klasiko handietako maitalea da. Vuelta bukatu berri, irailaren 24an Brenthen (Herbehereak) jokatu ziren Europako Txapelketetan hamaikagarren sailkatu zen Ivan Cortina taldekidea lagundu zuen, eta bera 41. postuan sailkatu zen. Oraindik ez du erabaki heldu den urtean bizikletan jarraituko duen ala ez, baina sasoia, behintzat, nahikoa eta soberan du. 

2023ko denboraldiari jarraikortasuna eskatzen zenion, 2022a baino urte lasaiagoa izatea, ez horren gorabeheratsua. Bete al da? 
Lesio bat izan nuen alergien sasoiarekin batera eta geldirik egotea egokitu zitzaidan. Kirolean beti gerta daiteke zerbait. Hala ere, aurtengo denboraldia lasaiagoa izan da, eta alde horretatik pozik nago. 

Aurten ez zinen Tourrean aritu. Hamahiru ediziotan parte hartu eta gero, arraroa egingo zitzaizun.
Ez zitzaidan berezia egin, egoeragatik. Udaberrian lesioa izan nuen, eta banekien ez nintzela Tourrera ongi iritsiko. Horretaz gain, ez da erraza Tourraren taldean sartzea, taldekide asko baikara. Tourrera talde ona eraman genuen, baina ez genuen zortea alde izan, lehen etapan Enric Mas liderra galdu genuelako.

Valverderen konfiantzazko talde gizona zinen, eta murtziarra iaz erretiratu zenetik sakrifikatutakoetako bat zarela diote adituek. Edo unean uneko erabakiak dira eta aurrekoak ez du eraginik?
Azkenean denak eragiten du, baina normala da. Valverderekin asko lan egin dut bera urte luzez taldeko lider izan zelako, baina oso gustura egin dut lana Nairo Quintanarendako, Mikel Landarendako, Richard Carapazendako, Oscar Pereirorendako... unean unekoa. Bestalde, geroz eta urte gehiago ditugunez, normala da itzuli handi batzuetan ez sartzea. Kirola horrela da, eta logikoa da. Tourreko taldea horrela suertatu zen, baina, hala ere, ez nintzateke ongi iritsiko.

 

"Jumbokoena apartekoa izan da; Vueltako tropelean ez zegoen haiei min egiteko ahalmenik"

Tourreko lehen hiru etapak Euskal Herrian jokatu ziren. Ez al zenuen inbidiarik?
Bai ba. Etapak ikustera hurbildu nintzen, Movistar Team gure taldeak zenbait ekitaldi antolatu zituelako. Lourdes Oiarbide, ni neu eta beste txirrindulari batzuk hurbildu ginen, eta lanpetutako egunak izan ziren. Alejandro Valverde ere hurbildu zen. Tourra telebistan jarraitu nuen; Tourraren intentsitatea handia da, eta telebistak ere transmititzen du.

Euskal Herriko hiru etapak sekulakoak izan ziren, ibilbidea, paisaia eta batez ere zaleengatik. Txirrindularien artean ere halako irudipena al zegoen?
Bai, etapak espektakulu hutsa izan ziren, oso lehiatuak. Aurtengoa Tour hasiera gogorragoa izan zen, eta faboritoak lehen egunetik oso serio aritu ziren.

Politagoa da Tourra lehen egunetik etapa gogorrekin hastea, ohikoak diren esprinterrendako etapak izan beharrean?
Beno, bakoitzak berea du. Hau kirola da, ez dago araudi bat guztia ongi eta polita aterako zaizula ziurtatuko duenik. Unean uneko baldintzen araberakoa da. Datorren urtean irteera berbera jarriko balute ere, ezberdina litzateke, faktore ezberdinengatik: klima edo dena delakoa. Baina, egia esan, Tourreko lehen hiru etapak ikusgarriak izan ziren.


VUELTAZ
19 urte dituzu profesionaletan, eta urte luze hauetan ez dakit Jumbo-Vismak Vueltan izan duen erabateko nagusitasuna inoiz ikusi ahal izan duzun. Hiru taldekide podiumean: Kuss talde gizona irabazle, Vingegaard eta Roglic liderren aurretik. 
Hau apartekoa izan da. Behin gertatu dena. Halako botere ahalmenik eta erakustaldirik ez dut sekula ikusi. Podiumaren hiru postuak bereganatzea, talde guztiak lasterketan izan duen aparteko maila goreneko nagusitasun hori... Aitortu beharra dago: Jumbo tropel guztia baino nagusiago izan da.

Jumboren nagusitasuna horrenbestekoa izango zela espero al zenuten?
Ez. Lasterketaren baldintza guztiek ere eragina izan dutela uste dut: Evenepoelek gaizki pasatu zuen eguna, Kuss garaiz iritsi zen ihesaldira... Baina Jumbokoak oso sendo aritu dira, talde gizonak ere oso indartsu. Ez zegoen maniobra tarterik. Beno, tarteren bat egongo zen, baina tropelean ez zegoen Jumbokoei mina egiteko ahalmenik.

"Igor Arrietak etorkizun handia du aurretik. Dohain oso onak ditu. Zortea bidelagun izan dezala, badakidalako lana eta dedikazioa jarriko dituela"

Vueltan seigarren sailkatu den Enric Mas liderrarendako egin duzu lan. Taldearen zein balorazio egiten duzu? Zure burua ongi ikusi al duzu?
Talde gisa etapa garaipenen bat lortzera eta podiuma borrokatzera joan ginen Vueltara. Beraz, aitortu beharra dago ez garela espero bezala aritu. Zaila izan da. Ongi lan egin dugu eta borrokatu dugu, baina besteak gu baino hobeak izan dira. Egia esan, laugarren postutik beherako borrokan aritu gara, eta argi dago hori ez dela genuen helburua. Ulertu eta barneratu beharra dago, gerora hobetzeko. Bestalde, ni egindako lanarekin eta emandako mailarekin oso pozik nago. Uste dut taldeari gauza onak eman dizkiodala. Jumbokoei min handiagoa egin nahi genien, baina ezinezkoa izan da. Duen guztia ematen duenari eta borrokatzen duenari ezin dakioke gehiago eskatu, eta uste dut gure taldeak ahal duen guztia eman duela. Lehiakideak garen aldetik, garaipenak nahi ditugu. Baina hau kirola da, batzuetan gainditzen zaituzte, eta eurak txalotzea, hori da dagoena. Aurretik garaipenak eta une zoragarriak bizitzeko aukera izan dugu, eta une eder horiek atzera ere bizi nahi ditugu.

Zein ongi-etorri beroa egin zizuten Hiriberrikoek: pankarta erraldoia, musika, kantuak, dantzak, animoak... 
Bai, ikuskizun hutsa izan zen. Festak ziren, giroa ederra zen, eta guztia batu zen. Hunkigarria izan zen, eta polita. Banekien zerbait prestatzen ari zirela, baina halako pankarta puska ikusterakoan haluzinatuta geratu nintzen. Erraldoia zen.

Zeinen politak izan ziren Vueltako Nafarroako bi etapak.
Zalantzarik gabe. Iruñeko irteera guztietan politena izan zen, Larra-Belaguako etapa zoragarria, eta Lekunberrin bukatu zena oso hunkigarria eta hasieratik oso lehiatua. Egun horretan ihesaldirako borroka itzela izan zen.

Iruñeko irteera aipatu duzu. Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak aurkezpen berezia egin zizun. Zer nolako loreak!
(Kar, kar)... Juan Mari, alproja galanta! Oso ongi maneiatzen du guztia.

 

EUROPAKOAN
Irailaren 20tik 24ra Drenthen (Herbehereak) jokatu ziren Europako Txapelketetan parte hartu zenuen. Pascual Momparler selekzioko hautatzaileak prestatutako zortzikotean hautatua izatea espero al zenuen?
Egia esaten badizut, ez nuen Europako Txapelketetan pentsatu ere egin. Normalean data hauetan Munduko Txapelketak jokatzen ziren, baina aurten Tourraren eta Vueltaren artean egin zituzten. Vueltan murgilduta, ez nintzen Europako txapelketaz gogoratu ere egin. Ivan Cortinaren taldekidea naizenez, pentsatzen dut Pascualek pentsatu zuela ideia ona izan zitekeela ni hautatzea, Cortina ezagutzen dudalako eta badakidalako nola lagundu ahal diodan. Dena den, halako deialdiek beti ilusioa pizten dute. “Oraindik nitaz gogoratzen dira” esaten diozu zure buruari.

Vuelta bukatu berri, nola prestatu zinen Europako Txapelketetarako?
Oso erraza izan zen: Vueltaz errekuperatzea, ez zegoen besterik. Hankak pixka bat mugitu, izerdi pixka bat egin, eta gutxika gorputza errekuperatzen joatea. Ez zegoen besterik. 

Europako Txapelketetan beste sakandar batek parte hartu du, Igor Arrietak, 23 urtez azpiko mailan. Txikitatik ezagutzen duzu, aita, Jose Luis, urte luzez zuzendari izan zenuelako. 2024an UAE taldearekin lehiatuko da. Nola ikusten duzu?
Oso ongi ikusten dut. Promesa oso ona da, eta banago ibilbide luzekoa izango dela. Txirrindularitzarako dohain oso onak ditu. Zortea bidelagun izan dezala, badakidalako lana eta dedikazioa jarriko dituela. Etorkizun handia du aurretik. Lasaitasunarekin eta pausoz pauso, disfruta dezala. Uste dut gauza oso politak egingo dituela, ezaugarri oso onak dituelako. Txirrindulari gisa gustuko dut.

Berarekin eta bestelako txirrindulariekin Sakanan badugu erreleboa. Gure bailarak, horren txikia izateko, txirrindulari eta kirol zuzendari handiak eman ditu. Ez da ohikoa. 
Bai, hala da. Uste dut hau dugun zaletasunagatik dela. Eta zerbaiten hautua egiten dugunean, konpromisoz hartzen dugulako. Horrek asko egiten du.

"Gorka Izagirre ezinbestekoetako bat da"


DATORRENAZ
Aurtengoa profesional mailan zure hemeretzigarren denboraldia da. 2024. urtean hogeigarren denboraldia izango dugu?
Oraindik ezin dizut erantzun, ez dakidalako. Guztia airean dago, eta oraindik ez dut erabakirik hartu. Argi dudana da proiekturen batek benetan ilusioa pizten badit, aurrera egingo dudala; bestela, lasaitasuna. 

Beti esan izan duzu zure nahia txirrindularitzaz disfrutatzea eta dagokizun liderrari laguntzea dela. Talde gizon ona izatea, eta lasaitasuna eta konfiantza transmititzea, bereziki taldekide gazteenei. Denboraldi honetan ere lortu al duzu?
Hala sentitzen dut. Egindakoarekin pozik nago; lagundu dudala sentitzen dut. Ez dakit kanpotik nola ikusiko den, baina Australian hasi genuen denboraldia eta Gorka Izagirre lehen hamar postuetan sailkatzea lortu genuen, batere erraza ez zena. Ondoren, Omanen etapa eta sailkapen orokorra irabazi genuen Matteo Jorgensonekin. Paris-Nizara Matteorekin joan ginen. Sekulako maila zegoen, Pogacar eta Vingegaard tarteko, baina Matteo lehen hamarretan sailkatzea lortu genuen. Ez zen erraza izan. Lesioagatik denbora bat lehiatu gabe egon nintzen, baina errepidera itzuli bezain pronto Boucles de la Mayennen etapa eta sailkapen orokorra irabazi genuen Oier Lazkanorekin. Berehala, Espainiako Txapelketa irabazi genuen, Oierrekin, eta Tour de Limousinen borrokan egon ginen, eta Polonian Gaviriarekin esprinten lehian sartu ginen. Esan nahi dut, uneoro borrokan aritu gara, txirrindularitzan esaten den bezala "pomadan sartuta" egon gara, helburu politengatik borrokan. Batzuk lortu ditugu, eta beste batzuk ez. Vueltan egindako lanarekin kontentu nago, baina Jumbokoak nagusi izan dira. Badirudi beraien ondoren ez dugula ezer egin, baina ahaleginak egin ditugu.

Gorka Izagirre taldekidea nola ikusi duzu?
Geroz eta gehiago taldearendako lan egiten du, eta tarte gutxiago eskaintzen die bere aukera pertsonalei, baina balio handia du: lasterketa primeran irakurtzen daki, ongi mugitzen daki, badaki zailtasunak noiz iritsiko diren eta haiei aurreratzen da. Niretako ezinbestekoetako bat da Gorka, zalantzarik gabe. 

Europako Txapelketen ondoren lanean jarraituko duzu?
Italian Klasiko batzuk jokatuko dira eta uste dut bateon batean aritu naizela, Vueltatik gatozenak inertzia horrekin ongi iristen garelako denboraldi bukaerako probetara.

Eta ondoren, atsedena. Gertukoekin lasai egoteko gogoa izango duzu. 
Bai, seme-alabekin egon, lagunekin bildu... hainbat bazkari ditut pendiente. Dena den, txirrindulariak aktibo gaudenean gelditzeko gogoa dugu, eta geldirik gaudenean berriro hasteko gogoa. Halakoak gara.

"Denboraldian egindakoarekin pozik nago; lagundu dudala sentitzen dut"