Bizitzaren "Olinpiadak" bi "kinkien" ikuspuntutik

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abu. 1a, 12:14
Amico konpainiaren 'Kinki Games' ikuskizuna. UTZITAKOA

'Kinki Games' Jon Barbarinen eta Txori Garcia Urizen Amico konpainiaren lan berria da. Angel Sagues antzerkigileak zuzendu du.

2022ko Ihabarko festetan Kinki Games ikuskizunaren aurreestreinaldi "antzeko bat" egin zuen Txori Garcia Uriz eta Jon Barbarin aktoreek osatzen duten Amico konpainiak eta aurten lana "berriz" hartu dute eta gauzatxo batzuk aldatu dituztela esan du Ihabarren bizi den Barbarinek. "Publikoarekin funtzionatzen duena eta ez duena probatzen duzu, eta aurten ikuskizuna, printzipioz, itxita gelditu da". Uztailaren 29an Etxarrengo festetan emanaldia egin zuten, eta Irurtzungo festetan ere aritu ziren. Abuztuan zehar bai Kinki Games bai Amico on the beach konpainiaren aurreko antzezlanarekin Fragan, Miranda Argan eta zenbait tokitan egonen dira. 

Angel Sagues antzerkigileak zuzendu du Kinki Games. "Aspalditik ezagutzen dugu Sagues, eta aurreko ikuskizunak gure kabuz egin ditugu, baina pasa den urtean berari esan genion sorkuntzan krisia izan genuelako". Barbarinek azaldu duenez, ez zitzaien ezer ateratzen, "kostatu zitzaigun". Sagues deitu zuten eta berak sortutako eta zuzendutako istorioa da Kinki Games

Oinarrian Joko Olinpikoak daude, baina "gure erara" moldatuta: "Bi kinki dira, estetikoki 1980ko eta 1990ko hamarkadan eramaten ziren txandalak janzten dituzte, C. Tangana eta jende hau imitatuz, eta furgoneta txuri batekin goaz saltzaile moduan". Baina ikuskizunak kirolari buruz hitz egiten du eta horren barruan "bizitzaren olinpiadak" daude ere: "Jaiotzen gara, umeak gara, gero gaztetxoak, eta helduak garenean konpetentzia, estresa, ez dakit zer... agertzen dira". 

"Angelekin askotan egin dugu lan, oso ezaguna dugu eta berak ere ezagutzen gaitu. Oso gustura egon ginen berarekin". Amicoren ikuskizunekin alderatuta desberdintasun nagusia Saguesek zuzendu duela da: "Angeli kutsu sozial hori sartzea gustatzen zaio, eta kasu honetan sartu dugu. Amico on the beach, esaterako, dibertigarriagoa da, besterik gabe, ez du bigarren zentzu bat. Lehenengoak bai gerrari eta adiskidetasunari buruz hitz egiten du". Dantza gehiago dagoela eta koreografikoagoa dela ere aipatu du Barbarinek. 


'Kinki Games' 2022ko Ihabarko festetan. ARTXIBOA