Ihabar, antzerki herria

Guaixe 2023ko abu. 4a, 10:14
2018ko Ihabarko antzerki tailerraren emanaldia. ARTXIBOA

Abuztuaren 25ean eta 27an, ostirala eta igandea, Ihabarko udako antzerki tailerraren antzezlanaren emanaldia izanen da, herriko plazan.

Ihabar antzerkiaren herria bihurtzen da udan. Aurten Ihabarko udako antzerki tailerraren hamalaugarren edizioa eginen dute, eta abuztuaren 25ean eta 27an, ostirala eta igandea, 22:00ak inguru, antzezlan berri bat eginen dute, momentuz "sekretum" dena. "Duela gutxi elkartzen hasi gara. Aurreko urtean La vida de Brian egin genuen eta aurten ere erromatarrak agertuko dira, pixka bat jantziak amortizatzeko ere", azaldu du Jon Barbarin antzerkigileak eta antzerki tailerreko zuzendariak. Komiki baten istorioa moldatuko dute, Ihabarrera ekarrita.

"Gertatuko diren gauzak eta pertsonaiak bertakoak izango dira. Bertako izaera eta abar agertuko dira". Gutxi gorabehera udako antzerkian 50 bat herritarrek parte hartzen dute, "haurrak eta helduak kontuan hartuta". Gutxienez, astean bitan elkartuko dira antzerkia sortzeko. "Kristoren saltsa da. Guztien artean egiten dugu: eszenografia, jantziak...". Barbarin zuzendaria da eta Izaskun Mujikarekin batera gidoia osatzen dute, istorio batean oinarrituta propio bat sortzen. 

Ihabarko antzezlana ekimen garrantzitsua bihurtu da. "Herrietatik jendea etortzen da eta dagoeneko galdezka hasi dira ea aurten egingo den, noiz eta abar. Hamalaugarren urtea da, eta ahoz ahokoak asko egin du". Aurreko urtean publikoan 600 bat pertsona egon zirela esan du Barbarinek. 

Ikasturtean zehar udalak antolatutako antzerki tailerra ere egiten dute, otsailetik maiatzera.