Duatloia

Mikel Astizen errezitaldia hasi da

Guaixe 2024ko mar. 11a, 12:30
Mikel Astiz, Lizarrako podiumean. NAFARROAKO TRIATLOI FEDERAZIOA

Ihabarko duatletak 7. Lizarrako Duatloia irabazi zuen. Sergio Garcia de Eulate eta Ekhi Congil Top 20an sailkatu ziren. Astizek, martxoaren 23an jokatuko den Altsasuko XIII. Duatloian joan zen urteko garaipena berritu nahiko luke

Martxoaren 3n 7. Lizarrako Duatloia jokatu zen, sprint distantzian (5 km korrika-22 km bizikletan-2,5 km korrika). 100 duatleta inguruk hartu zuten parte oso mugitua eta lehiatua izan zen proban. Hiru-Herri taldeko Mikel Astiz ihabardarra bakarrik iritsi zen helmugara, atzean Josu Etxeberria (Cafes Foronda) zuela. Astizek 5 segundo atera zizkion. 

Sakana Triatloi Taldeko kideek lan ona egin zuten. Sergio Garcia hamahirugarren (1:04:28) eta Ekhi Congil hemezortzigarren izan ziren (1:06:20), Top 20an. Juan Luis Maiza 34. iritsi zen (1:09:24), beteranoen 2 mailako lehena, Ruben Garcia 36. (1:09:48), eta Juan Carlos Gomez 46. (1:12:14). Emakumezkoetan Sara Modrego gailendu zen (1:11:07). 

Altsasura begira
Duatleta sakandarrak martxoaren 23an jokatuko den Bioracer Altsasuko XIII. Duatloirako prestatzen ari dira. Mikel Astiz izan zen joan zen urteko txapelduna, eta garaipena berritu nahiko luke. Izena ematea zabalik dago, navarratriatlon.com webgunean. Aurretik, martxoaren 9an Aoizko Duatloia eta martxoaren 17an Arangurengoa jokatuko dira.