"Oso gauza polita eta hunkigarria da"

Guaixe 2024ko mar. 28a, 10:32
Ezkerretik hasita, Ainara Escudero Jaka, Mikel Etxarte Arangoa eta Idoia Irurtzun Artola.

Lagun koadrila ihebardarrak km bat erosten du Korrika pasatzen den aldiro. Mikel Etxarte Arangoa, Ainara Escudero Jaka eta Idoia Irurtzun Artola lekukoa hartu aurretik harrapatu genituen.

Aurretik entrenatu zenuten?
A. Ez naiz kirolaria, kosta egiten zait kirola egiteko motibazioa aurkitzea. Baina Korrika dagoen urteetan entrenatzeko arrazoia topatzea errazagoa da. Kilometroa egin ondoren, forma hobeagoan egoteko nahia sortzen zait, baina berehala pasatzen zait.

Nola moldatzen zarete kilometroa erosteko? 
M. Etortzen den aldiro hartzen du koadrilak km. Guztion artean erosten dugu.
A. Whastapp taldean galdetzen dugu zeinek parte hartu nahi duen. Zerrenda egiten da eta gaudenen artean zatitu egiten dugu eta horrela erosten dugu. 

Zergatik erabaki duzue parte hartzea Korrikan? 
I. Oso gauza polita eta hunkigarria da. Beti parte hartu izan dugu. 

Zer garrantzia du euskarak zuen barne dinamikan?
M. Batzuetan erabiltzen dugu, besteetan ez. Denetarik. Badago oso ongi moldatzen ez den baten bat, eta orduan gaztelaniara pasatzen gara. Batzuetan saiatzen gara.
A. Pilak jarri beharko ditugu, gero eta gehiago hitz egiteko. 

Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak? 
I. Geroz eta jende gehiagok erabiltzea. Eta dakienak birri-barra ibiltzea euskaraz.
M. Erabili egin behar da, ez galtzeko.
A. Hiztun gehiago izatea. Zabaltzea. Eta hainbat lekutatik hizkuntza babestea ere.