Herri kirolak

Sakanako Herri Kirol Eguneko festa ederra Ihabarren

Guaixe 2024ko api. 23a, 12:30

Mank-eko Kirol Zerbitzuak urtero antolatzen duen topaketak parte hartze bikaina izan zuen

Herri kirolak sustatzeko Sakanan egiten den lanak fruituak ematen jarraitzen du, eta igandean agerian geratu zen Sakanako Mankomunitateak Ihabarren antolatutako Sakanako Herri Kirol Egunean.

Isabel Vivesendako txaloak 
Sorpresa nagusia Sakanako Harri Jasotze eskolatik etorri zen, eskolan trebatzen den Isabel Vivesek harri jasotze erakustaldian parte hartu zuelako, Iker Goldarazena eta Iñigo Gonzalez kideekin. Lehenengo aldia da Sakanako eskolan trebatzen den emakume batek harri jasotze erakustaldia egiten duela, eta txalo zaparrada ederra jaso zuen pisu eta harri ezberdinekin aritu zen uneoro. Mikel Lasarte harri jasotze eskolako irakasleak ezin izan zuen Ihabarren egon, baina ongi hezi ditu pupiloak, ikusgarri aritu baitziren. Tamalez, Aitor Oiarbide etxarriarrak ezin izan zuen parte hartu, lesionatuta dagoelako. 

Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako herri kirol taldeek proba konbinatuetan parte hartu zuten, Ihabarko gaztetxoekin batera. Gustura ibili ziren koxkoletan, txingetan, zaku lasterketan eta korrika. Sokatirako txandan, Sakana Sokatira Taldeak eta Andra Mari eta Iñigo Aritzako taldeek parte hartu zuten, Nerea eta Belen Lizarraga ahizpen aginduetara. 

Aizkolarien erakustaldia
Sakanako Aizkora Eskolako arduradun Juanito eta Juanjo Erdozia handik hara zebiltzan. "Oraindik ere gustura jarraitzen dugu eskolan, haur hauek aurrera egiten dutela ikustea poz handia da niretako" zioen Juanitok, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide ilobak gertu zituela. Erakustaldian eskolan trebatzen ari diren Eneas Aristizabalek, Enaitz Uriak, Hodei Silvak, Xuban Rochak, Hodei Lizarragak eta Aratz Beltzak hartu zuten parte, beteranoen laguntza zutela. "Eskolako beste hiru ikaslek txirrindularitza proba izan dute eta ezin izan dute aritu" aipatu zuen Juanito Erdoziak. Azken erakustaldian, Juanjo eta Jon Erdozia aita-semeak gailendu ziren Goizeder Beltza-Aritz Oiarbide eta Ivan Resano-Ioan Goikoetxea bikoteen aurretik.