Ur biltegiko lanak despeditzeko gutxi falta da

Guaixe 2020ko ira. 21a, 10:09
Ur-biltegi berriko lanak oso aurreratuta daude.

Zabalgoiena dermioan dago ur-biltegi berria eta 240 metro kubikoko edukiera izanen du, bi putzutan banatuta.

Gaur egun Irañeta edateko urez hornitzeko erabiltzen den biltegiak ez du nahikoa gaitasunik. Gainera, Nafarroako Gobernuaren egungo araudia ez du betetzen. Irañetako Udalak ur-biltegia berritzea mahai gainean zuen 2009tik. Baina finantza arloak eragindako krisialdiak eta ondorengoek Irañetako Udala lanei ekiteko nahikoa finantziaziorik gabe utzi zuen. Joan den urtean Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planaren bidez 180.000 euroko dirulaguntza jaso zuen udalak eta aurten ekin die lanei. 

Ainhoa Beraza Maiza alkateak azaldu digunez, maiatzean hasi zituzten eraikuntza lanak. Eregi enpresa ari da lan horiek egiten eta azken ukituak besterik ez dira falta. Aurten martxan jarriko dute. 
Bestalde, Berazak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren despopulazioaren aurkako jardueretarako 16.518 euroko dirulaguntza zertara bideratu aztertzen ari dira udalean. Jakinarazi duenez, basoan itxiturak eta garbiketak egiteko premia dago. Baina oraindik ez dute erabakia hartuta. 

Auzolanak 
Konfinamenduaren ondoren landaretzak hainbat bide bazter hartuta zituela ikusi zuten irintarrek. Auzolanean bide bazterrak garbitu zituzten. Iturburura eta Urruntzara joateko bidea sasiz garbitzen lan handia egin zuten irintarrek. Jubilatuak izan ziren gehien bat aritu zirenak. Mendian langaren bat ere konpondu dute. Herrian barna dauden aulkiak bernizatu dituzte ere irintarrek. Ur-kontagailuak itxi edo buxatu egiten zirela-eta, “lan handia egin dute horiek aldatzen”, jakinarazi du Berazak.