Errege Kopan Santiago du arerio gaur Magna Xotak

Guaixe 2014ko aza. 4a, 12:00

20:30ean jokatuko da partida, Santiagon

Aste mugitua dute Imanol Arregiren mutilek. Ostiralean Ligako partida jokatu zuten Palman, bidaia autobusez egin ondoren. Galtzeak are luzeago egin zuen itzulera. Eta atzo 8 ordu baino gehiago eman zituzten autobusean, Santiagora heltzeko. Izan ere, Errege Kopako final laurdenetan, Magna Nafarroa Xotak Santiago Futsal izanen du arerio gaur, 20:30ean hasiko den partidan. Samuel izan ezik plantilla guztia dago Santiagon, eta Imanol Arregik Raul, Eseverri, Roberto, Dani eta Javier Saldise aterako ditu kantxara hasieratik. Partida bakarrera jokatzen da Errege Kopa, eta ea Magnak aurrera egiteko aukera duen.

Palmaren kontra galdu
Ostiralean Palma Futsalek 5-1 irabazi zion Magna Nafarroari. Palmako atezain Carlos Barrón izan zen protagonista. Atezainak Magnaren jaurtiketa guztiak gelditu zituen eta Magnaren hiru jaurtiketa zurtoinera joan ziren. Aldiz, Palmakoek punteria bikaina izan zuten irurtzundarren atean. 2-0rekin joan ziren atsedenaldira eta bigarren zatia hasi bezain pronto hirugarrena sartu zuten. Magnak ez zuen etsi eta kontraerasoarekin mina egiten hasi zen, baina Palmak berehala sartu zuen laugarrena. Victor atezain-jokalari jarri zuen Imanolek baina Irurtzungoen jaurtiketa guztiak gelditu zituen Barrón atezainak. Azkenean Dani Saldisek baloia kontrako atean sartzea lortu zuen, baina Palmak oraindik beste gol bat egiteko tartea izan zuen eta 5-1 irabaziz despeditu zen lehia. “Lehen zatian guk 20 jaurtiketa egin ditugu eta beraiek 7, eta horretaz gain, bi akats egin ditugu eta euren bi golak heldu dira. Barronek bere bizitzako partida egin du. Eta guk 4 gol aukera oso argi huts egin ditugu. Hobetzeko izugarri lan egin behar dugu” azaldu zuen Imanol Arregik partida bukaeran.

Ostiralean Levantera
Inter Movistar da lehen mailako areto futbol txapelketako liderra (20 puntu). Magna Xota 9.a da (10 puntu). Ostegunean atzera ere autobusa hartuko dute Magna Nafarroa Xotakoak, Valentziara jotzeko. Izan ere partida garrantzitsua dute ostiralean, Levanteren kontra. Levante 8.a da sailkapenean, 12 punturekin, eta Magnaren arerio zuzena da. Sailkapeneko postua dago jokoan. “Ligan ongi jokatzen ari gara, baina akats indibidualengatik ari gara galtzen. Lan egiten jarraitu behar dugu, hobetzeko. Kopako partidan guztiok jokatu behar dugu, ostiraleko ligako partida ez baitut hipotekatu behar” adierazi du Imanol Arregi entrenatzaileak.