3 puntu garrantzitsu lortu zituen Magnak Valentzian

Guaixe 2014ko aza. 10a, 08:37

Levante arerio zuzenari 3-5 irabazi zion eta sailkapenean 7. postura igo da Irurtzungo taldea

Magna Nafarroa Xotak ostiralean partida oso garrantzitsua zuen Valentzian, Levante arerio zuzenaren kontra. Eta Imanol Arregiren mutilek ez zuten huts egin. Nahiz eta Levante aurreratu, irurtzundarrek markagailuari buelta eman zioten eta bukaeran 3-5 gailendu ziren, sailkapenean 7. postura igotzea ahalbideratu dioten urrezko 3 puntu poltsikoratuz.

Azken astea oso gorra izan da Magnarendako, 3 partida jokatu behar izan baititu, desplazamenduetan 3.600 km eginez. Baina ostiraleko garaipenak min guztiak sendatu ditu. Lehen zatian Levante aritu zen hobe, baina partidak aurrera egin ahala bi taldeen arteko norgehiagoka berdindu egin zen. Levante penalti bati esker aurreratu zen. Baina Marc Tolrák berdintzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Levante dominatzen hasi zen, baina Victor Arevalok Magnaren bigarrena sartu zuen. Eta berehala iritsi zen hirugarrena, Javi Eseverrik sartu zuena. Tarte horretan sekulako mailarekin jokatu zuten Magnako mutilek. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan jokalari-atezain formularen alde egin zuten valentziarrek. Horrela, 2-3 hurbildu zen Levante, baina Magna ez zen kikildu eta Eseverri, Carlitos eta Marc Tolràri esker 3-5 gailendu ziren irurtzundarrak.

Pozik zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. “Garaipen justua izan da. Asko landutako partida izan da, eta defentsa lan izugarria egin dugu. Aste gogorra izan da hau eta jokalariek sekulako esfortzua egin dute. Horregatik lortu dugu garaipena” azaldu zuen Arregik.

Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (23 puntu). Levanteren kontrako garaipenari esker, Magna 7. postura igo da (13 puntu). Ostiralean 7 punturekin sailkapenean 14.a den D-Link Zaragoza taldea hartuko du Magna Nafarroa Xotak Iruñeko Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean.