Kopa jokatzeko esperantza badu Magnak

Guaixe 2014ko abe. 9a, 09:56
Julen Luis Gurpea Xota taldearekin.

Hurrengo bi jardunalditan lehen 8 postuetan mantendu beharko da Irurtzungo taldea

Larunbatean Magna Nafarroa Xotak garaipen garrantzitsua lortu zuen Prone Lugoren kontra (3-8). Garaipen horrek Kopa jokatu ahal izateko borrokan jarraitzea ahalbideratzen dio Irurtzungo taldeari, aipatu kopa lehen 8 postuetan sailkatuta dauden taldeek jokatuko dutelako.

Aurreko jardunaldian Marfilekin berdindu eta gero, Prone Lugoren kontra garaipena lortzera atera ziren Imanol Arregiren mutilek. Eta etxeko lanak bikain egin zituzten. Hasieran bi taldeak parez pare aritu ziren, baina 15. minuturako Roberto Martil irurtzundarrak Lugokoen atea zulatu zuen eta Carlitosek talde sakandarraren aldeko bigarren gola sartu zuen 3 minutura. Hala ere, Pronekoek bira berdintzea lortu zuten bigarren zatia hasi eta berehala. Baina Magnak ez zuen behera egin eta Dani Saldisek, Eseverrik, Marc Tolràk, Carlitosek (2) eta Iago Rodriguezek sartutako golei esker, 3-8 irabazi zuen Magna Nafarroa Xotak. Lugo bi jokalari gutxiagorekin geratu zen eta
horrek mesede egin zion Irurtzungo taldeari.

Pozik zegoen Imanol Arregi. “Taldeak etxeko lanak egin ditu Lugon, baina oraindik ez dugu koparako boletoa lortu eta horretarako bide honetan jarraitu behar dugu. Lehen zatian ez ginen gaizki aritu, baina sortutako gol aukera ugariak gauzatzea falta izan zitzaigun. Aldiz, bigarren zatian ongi aritu ginen. Lugokoen kanporaketengatik partida apurtu egin zen eta egoera horretara ongi moldatu ginen. Garaipen garrantzitsua da baina lanean jarraitu behar dugu” adierazi zuen Imanol Arregik.

Julen Luisen debuta
Lugoren kontrako partidan Julen Luis arbizuarrak debutatu zuen Magnarekin. Julen Luisek Xotako filialean jokatzen du, Gurpea Xotan, baina azkenaldian Magnarekin entrenatu du. Imanolek Marfil Santa Colomaren kontrako partidarako ere konbokatu zuen, baina orduan markagailua estu zegoen eta arbizuarrak ez zuen debutatzeko aukerarik izan. Aldiz, Lugoren kontra gauzak ongi zihoazkion Magnari, eta horri Jesulitoren eta Victor Arevaloren lesioak gehituta, Imanol Arregik minutuak eman zizkien jokalari ez ohikoei eta Arbizuko Julen Luisek Xotako talde nagusian debutatu zuen. Denboraldi honetan debutatzen duen harrobiko lehen jokalaria da Julen. Lan polita egin zuen arbizuarrak.

2 partida erabakigarri
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (35 puntu). Magna Nafarroa Xota 8.a da, Kopa jokatzeko postuetan, 20 punturekin. Ostiralean 9 punturekin sailkapenean 15.a den  Uruguay Tenerife taldea hartuko du Magnak, 20:30ean. Kopara sailkatzeko aukerak izan nahi baditu, 3 puntuak etxean geratu beharko dira. Hurrengo jardunaldian Jaenen kontra aritu beharko da.