Magnak ikusleen errekorra gainditu du

Guaixe 2015ko ots. 4a, 13:43

Batez beste 2.400 jarraitzaile biltzen dira Anaitasunan, Magnaren partidak jarraitzera. Bartzelona, Aspil-Vidal Ribera de Navarra eta Inter Movistar taldeen kontrako partidetan sarrera guztiak agortu ziren

Euren zaleekin oso kontentu daude Magna Nafarroa Xotako arduradunak. Izan ere, zale berdeak Magna taldearen animatzaile nekaezinak dira. Denboraldi honetan Iruñeko Anaitasunan jokatu diren ligako 9 partidak kontuan hartuta, ikusleen batez bestekoa 2.400 pertsonetakoa izan da. Hiru partidetan, gainera, aforoa bete egin zen. Bartzelona, Aspil Vidal Ribera de Navarra eta Inter Movistar taldeen kontrako partidak ikusteko sarrera guztiak saldu zituen Magnak. Orain arte Tatono Arregi irurtzundarrak zuzentzen duen klubak ez du izan tamaina horretako jarraipenik, eta horregatik pozik daude Magna Nafarroa Xotakoak.

Xotako zaleak geroz eta gehiago dira, eta horretan asko laguntzen du sarreren prezioak. Izan ere, abonatuen karneta denboraldi osorako 45 eurokoa da eta famili-abonoa 70 eurokoa. Prezio herrikoi hauek direla media, Magna Nafarroa Xotak 2.000 bazkide inguru ditu. Eta eguneko sarreren prezioa ere herrikoia da, 10 eurokoa, Bartzelona eta Aspil Vidalen kontrako partidak salbu, kluba laguntzeko egunak izan baitziren (15 euro).