Magna Nafarroa Xota Palma Futsalen gainetik pasa zen

Guaixe 2015ko ots. 23a, 12:55

Merezitako garaipena lortu zuten irurtzundarrek (5-2)

Ostiralean garaipen garrantzitsua lortu zuen Magna Nafarroa Xotak etxean, Anaitasuna Pabilioian. Irurtzungo taldea Palma Futsal taldearen gainetik pasa zen (5-2), arerio konplikatuaren aurrean merezitako garaipena lortuta.

Bi taldeak garaipena lortzera atera ziren hasieratik, baina Magnako Raulek Palmaren eraso guztiak gelditu zituen. Aldiz, Carlitosek gol ederra sartu zuen seigarren minutuan, baina Palmak berdintzea lortu zuen 2 minutu beranduago. Tarte horretan bi taldeak parez-pare lehiatu ziren, baina atsedenaldia baino lehen Magnak zortea bere alde izan zuen, Palmako Sergiok bere atean gola sartu baitzuen eta aldeko 2-1arekin joan ziren atsedenaldira Magnakoak. Bigarren zatia hasi eta berehala Magnako kapitain Javi Eseverri lesionatu egin zen. Hala ere, irurtzundarrek ez zuten etsi eta Marc Tolràk gol ikusgarria sartu zuen Magnako areatik, Anaitasunako zaleak aulkietatik altxarazi zituena eta liga osoko asteburuko golik ikusgarriena izendatu duten gola. Tolràk beste gol bat sartzeko astia izan zuen, eta nahiz eta Palmak bigarrena sartu, partida bukatzeko 26 segundoren faltan Carlitosek gol ikusgarria sartu zuen, Magnako 5. gola. 5-2 irabazita despeditu zuen jardunaldia Magna Nafarroa Xotak.

Imanol Arregi entrenatzailea oso pozik zegoen taldeak lortutako garaipenarekin, hain zuzen ere aurrean duen Palmarengatik puntu eskas batetara baitago Magna, play-off postuen barruan. Baina, bestetik, Eseverriren lesioarengatik kezkati zegoen misterra. “Talde guztiaren garaipen potoloa izan da hau. Kapitainaren lesioagatik partida konplikatu zaigu baina gutxiago jokatzen duten jokalariek bikain erantzun dute” azaldu zuen Imanolek.

Inter Movistar da lider (60 puntu). Magna Xota 7.a da (37 puntu). Larunbatean atzera ere etxean jokatuko du Magnak, Iruñeko Anaitasunan, 21 punturekin sailkapenean 14.a den Levanteren kontra. Partida larunbatean jokatuko da, 13:00etan. Ea garaipenek segida duten eta irurtzundarrek play-off postuetan jarraitzen duten.