Irurtzundarrek karpa erostearen alde bozkatu dute

Guaixe 2015ko ots. 27a, 08:08
Irurtzungo plaza jendez gainezka, iraileko azokan.

Bihar, 12:00etan, udaletxean aurrekontu parte hartzaileen batzarra dago karpa motaz aritzeko.

Udaleko aurtengo aurrekontuan herritarrek erabakitako diru-saila zein izanen den zehaztu da: karpa bat eskuratzera bideratuko da diru hori. Herriko taldeek eta kolektiboek hainbat jarduera egiteko premiazkoa jotzen zuten halako estalpe bat izatea. Aurrekontu Parte-hartzaileen Taldeak kontsultaren emaitzak udalari aurkeztu zizkion pasa den asteko ostegunean. Bilera hartan erabaki zen interesa duten irurtzundar guztiei irekia dagoen batzarra egitea.

Udalak biharko batzarren berri ematen duen oharrak etxe guztietara zabaldu du. Izan ere, onartutako proposamenak karpa erostearekin batera haren aukeraketan irurtzundarren parte hartzea zehazten zen. Beraz, karparen ezaugarriak, kokalekua, erabilera datak, kudeaketa eta funtzionamendua zehazteko interesatutako pertsona eta kolektiboak biharko bileran parte hartzera deitu dituzte. Adostutakoa udalari jakinaraziko zaio ondoren.

Bosgarren urtez jarraian irurtzundarrek udalak diru sail bat zertara bideratu dezakeen erabakitzeko aukera izan dute. Ilbeltzaren 24a eta otsailaren 1a bitartean 302 boz paper jaso ditu Aurrekontu Parte-hartzaileen Taldeak. Karparen alde 104 boto izan  ziren.

Beste aukerak
Karpako aukerarekin batera, beste hiru zituzten aukeran irurtzundarrek. Plazaolako zubia zaharberritzea eta Artadiako bidea berreskuratzearen aldeko 67 boto izan ziren. Igerilekurako sarbidea haur-aulki eta gurpildun aulkietarako egokitzeko proposamenak 65 boto jaso zituen. Azkenik, kiroldegian gimnasioa hartuko lukeen gelak moldatzeko 64 boto izan ziren. Bestalde, botoa ematearekin batera irurtzundarrek heldu den urteko aurrekontu parte-hartzaileetan sartzeko 32 proposamen berri egin dituzte.