Magnak hiru puntuak zakuratzea lortu zuen

Guaixe 2015ko mar. 2a, 14:15

Magnak 3 goleko errenta izan ondoren, Levante sustoa emateko zorian egon zen

Magna Nafarroa Xotak sufritutako garaipena lortu zuen sailkapenean azken aurreko postuan dagoen Levanteren kontra. Imanol Arregiren mutilek ongi jokatu zuten, presionatuz eta gol aukerak sortuz. Horrela, Jesulito, Pablo Obarra eta Tolrà jokalarien golei esker, atsedenaldira 3-0 irabaziz joan ziren irurtzundarrak. Baina bigarren zatian erlaxatu egin zen Magna eta Levante sustoa emateko zorian egon zen. Xotako jokalariak ez zeuden eroso eta Levantek hirura berdintzea lortu zuen. Orduan Magnak egoerari buelta ematea lortu zuen eta 38. minutuan Carlitosek garaipenaren gola sartu zuen. Levantek beste gol aukera argi batzuk izan zituen, baina, zorionez, baloia ez zen Magnaren atera sartu eta garaipenarekin despeditu zen lehia.

“Taldea urduri jarri da bigarren zatian, eta gogortuta, ataskatuta jokatu dute. Hala ere, irabaztea lortu dugu eta 3 puntu oso garrantzitsu lortzea, play-offetarako sailkatu ahal izateko. Ea lanean jarraitu eta ostiralean, Zaragozan, akatsak zuzentzen ditugun” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran.

Hurrengo arerioa DLink Zaragoza
Inter Movistar da liderra (63 puntu). Magna Nafarroa Xotak 7. postuari eusten dio, 40 punturekin. Ostiralean Zaragozan jokatuko du Irurtzungo taldeak, 26 punturekin 12.a den DLink Zaragoza taldearen kontra.